Hondakinen birziklatzeak gorantz egiten darrai bermeotarren artean
%5,62 igo zen 2015ean hondakinen birziklatzea. Beira gehiago birziklatu bada ere, ontzi, paper eta olio zikin gutxiago birziklatu zen iaz. Sentsibilizazio lana indartu behar dela uste du udalakBermeoko Udalak jakinarazi duenez, birziklatzeak gorantz eg...
%5,62 igo zen 2015ean hondakinen birziklatzea. Beira gehiago birziklatu bada ere, ontzi, paper eta olio zikin gutxiago birziklatu zen iaz. Sentsibilizazio lana indartu behar dela uste du udalak
Bermeoko Udalak jakinarazi duenez, birziklatzeak gorantz egiten jarraitzen du Bermeon. Hala, 2015. urtean hondakinen birziklatzeak %5,62 gora egin zuen. Ingurumen Saileko zinegotzi Irune Ormaetxeak azaldu duenez, «birziklatzearen bidez, bermeotarrok sortutako hondakinetatik, %26,28 berreskuratzea lortu zen».Joera hori «mantendu eta indartu» egin behar dela gogorarazi du Ormaetxeak. Birziklatzearen goranzko joera horretan, bereziki, beiraren birziklatzea nabarmendu du; 2014. urteagaz alderatuta, %14,78 gehiago birziklatu zen iaz. Goranzko joera horren arrazoien artean, urteetan ostalariekin eta txokoekin egindako kanpaina ezberdinak aipatu ditu Ormaetxeak. Era berean, iazko Arrain Azokan 40 taberna ingururekin beirazko botilak batzeko jarri zen aparteko zerbitzuak ere mesede egin duela uste du.
Produktuek paper gutxiago
Bolumen handiko hondakinen birziklatzeak ere gora egin duela azaldu dute, %16,87; bai eta pilen birziklatzeak ere, %10,77. 2015ean batutako arropa kopuruak ere gora egin zuen; hain zuzen ere, %3,77 arropa gehiago batu zen.
Nahiz eta papera eta kartoia biltzeko zerbitzuak indartu egin ziren iaz, denda askotan atez ateko bilketa eginez eta kartoi eta paper batze zerbitzua lau egunetik bost egunera zabalduz, papera eta kartoiaren bilketak, beherantz egin zuen iaz; %1,95eko jaitsiera izan zuen.
Jaitsiera horren arrazoietariko bat, Ormaetxearen arabera, «gaur egun produktuek paper eta kartoizko bilgarri gutxiago dituztela» izan liteke. Horrez gain, euskarri digitalen erabilera hedatu dela nabarmendu du, «paperako euskarrien erabileraren ordez». Joera hori, orokorrean, Bizkaia osoan gertatu dela aipatu du.
Ontzien birziklatzeak ere behera egin zuen iaz, %3,53, hain zuzen ere. Beherakada handia ez bada ere, «sentsibilizazio lana indartu beharra dagoela» uste du Ormaetxeak. %6,27 gutxiago birziklatu zen baita ere, etxeetako olio zikina, eta herritarrek erabilitako olioa birziklatzeak duen garrantzia ezagutzea «ezinbestekoa» dela azaldu du.
Bermeoko Udaleko Ingurumen zinegotziak adierazi duenez, «garrantzitsua» da kontsumitzerako orduan «arduratsuak» izatea eta «iraunkortasunaren ikuspuntua» kontuan hartzea.