«Chiosen egiten dugun lanak errekonozimendu handia izan du»
SMH erakundeagaz Greziako Chios irlan egon da bi astez, sorosle modura boluntario lanetan, Lekeition bizi den baigorritarra. Egoerak okerrera egingo dezakeela uste duZelan sortu zitzaizun Greziara boluntario modura joateko aukera?Sare sozial batean iku...
SMH erakundeagaz Greziako Chios irlan egon da bi astez, sorosle modura boluntario lanetan, Lekeition bizi den baigorritarra. Egoerak okerrera egingo dezakeela uste du
Zelan sortu zitzaizun Greziara boluntario modura joateko aukera?Sare sozial batean ikusi nuen, nire lagun bat, Salvamento Maritimo Humanitario (SMH) deitzen den gobernuz kanpoko erakunde bateko antolaketan sartu zela, eta interesatu egin nintzen. Beragaz kontaktuan jarri eta nire curriculuma bidali nion. Jende preparatua bilatzen zuten lan berezi batzuetarako, uretako sorosleak eta nautikan hastapenak zituztenak behar zituzten itsasontzietan ibiltzeko. Horretan prestatuta nagoenez curriculuma bidaltzea erabaki nuen.
Noiz joan zinen zu Chiosera?
Otsailaren 15ean deitu zidaten, boluntario batek huts egin ziela eta. Deia eguaztenean jaso nuen eta domekan abiatu nintzen bertara. Pentsatzeko denborarik ere ez nuen izan.
Zenbat denbora egin duzu bertan?
SMH azaroan sortu zen eta lehenengo taldea abenduan atera zen Greziarantz. Gu bosgarren erreleboa izan gara. Lehenengo bi erreleboak hiru astekoak izan ziren, baina orain bi astekoak dira. Emergentzietan beharrean dabilen jendea hasi da joaten. Ni, esate baterako, Gasteizko bi suhiltzailerekin joan naiz.
Behin Greziara ailegatuta, zein izan da zure zeregina?
Hiru sokorristak pisu batean geunden, patroia eta GKEaren koordinatzailea den Borja beste pisu batean eta lurreko taldea edo osasun-langileak, erizaina eta anbulantzia teknikoa, beste pisu batean. 24 orduetan prest egon behar ginen guztiok erreskate lanak egiteko. Izan ditugu egun batzuk, 30 ordu jarraian gelditu barik ibili garenak. Ez genuen sei ordu baino gehiago lo egiten. Hiru gau izan ziren luzeenak.
Zuk uretako erreskateak egiten zenituen, beraz.
Gure lana uretan zegoen. Patroiak kokalekuaren zehaztapenak jasotzen zituen bigilantzia puntuetatik eta sorosle taldeari abisatzen zigun. Portuan, gure erreskateko ontzian batu eta itsasoratzen ginen. Ontziak uretan aurkitzen saiatzen ginen eta porturaino gidatzen genituen. Gauez iristen zirenean, labarretara iristen ziren batez ere, eta lurretik joateko ere ez zegoen biderik. Aste beteko umeak izan ditugu eskutan, 80 urteko andre eta gizonak, eta leku horietatik ezin ziren ibili. Gauren batean gure ontzira jendea igo behar izandugu, itsas labarrera helduta atera ezinik zenbiltzalako.
Ontzietan, beraz, adin eta leku ezberdinetako jendea ailegatzen zen?
Ontzi bakoitzean 60 bat lagun heltzen ziren. Siriarrak, Afganoak… Buztita heltzen ziren, ura sartzen zitzaien eta ontzietara. Iristen zirela ikusten zutenean pozik zeuden eta eskerrak ematen. Hori zen gogorrena, guk bagenekielako atzetik zer zetorren. Zuk laguntzen dituzu eta eskerrak ematen dizute, baina badakizu ez direla iritsi oraindik eta euren egoera ez dagoela konponduta.
Ontzi asko heltzen ziren?
Gu han egon ginen bi asteetan 40 bat artatuko genituen, baina gehiago iristen ziren, batzuk irlaren beste puntara. 80 bat izango ziren guztira. Martxo hasieran kontuak egiten ibili zirenean, SMHk jada 10.000 pertsonatik gora atenditu zituela ikusi zuten.
Beste erakunderik bazegoen zuen inguruan?
Erreskate eta osasun-langile lana egiten ez. Adibidez, Norvegiako Drop In The Ocean izeneko erakundea zegoen errefuxiatuei erropa sikua ematen. Ontziak iristen ziren lekuetara joaten ziren jendeari arropa lehorra ematera. Gero, Greziako jendea ere portuan egoten zen ailegatzen zirenei kafea eta tea ematen. Beste herritar batzuk, berriz, janaria ematen zieten. Gu bertan ginela Donostiako Zaporeak gastronomia elkartekoak iritsi ziren janaria errefuxiatuen eremuetara eramateko. Lokal bat alokatu dute eta hemendik furgoneta bat eraman zuten sukaldatzeko materialeagaz. Boluntario independienteak ere bazeuden. Madrilekoak, frantsezak, txekiarrak… bere poltsikotik bidaia ordaindu eta txandaka bigilantzia puntuetan eta egoten ziren edo eremuetara joaten ziren janaria banatzera.
Zein zen errefuxiatuen egoera?
Egunez egun egoera aldatu egiten da. Gu han egon ginen bi astetan egunero egoera ezberdin bat zegoen. Egun batean Turkiako kostazainek ez zituzten ontziak pasatzen uzten. Hurrengo egunean ordea, bai.
Europar Batasunak mugak ixteko hartutako erabakiak ere eragina izango du, seguruenik. Aldaketarik nabaritu duten badakizu?
Informazio askorik ez dago eta zer gertatuko den ez dago argi, baina esate baterako astelehenean lau ontzi iritzi ziren bakarrik. Pentsatzen duguna da orain ez direla ontzi gehiago sartuko. Kostazainak oztopatuko dituztela mugan eta berriz Turkiara eramango dituztela. Horrez gain, ferryren bat ere jarriko dute irletan dauden errefuxiatuak Turkiara bueltatzeko. Turkian oihanetan sartuko dituzte kanpaleku batzuetan eta bertan utzi.
Muga horrek zer eragin dezake zure ustez?
Egoerak txarrera egingo du. Jendea bueltan eramango dute, baina jende horrek atzean ez du ezer. Zeukan guztia bidaia horretan erabili du eta ez dira berriz Afganistanera itzuliko. Beraz, oraindik eta baldintza txarragoan saiatuko dira Europara igarotzen. Ez dira geldituko.
Horrelako esperientzia batetatik nola itzuli zara?
Gure beste errealitatera itzultzea oso luze joan zait. Hamabost egun topera pasatu genuen, ez genion egiten galdera gehiagirik gure buruari. Galderak bueltan hasten dira ailegatzen. Berkokatzea kosta egin zait eta hori guri gertaera gogorregirik gertatu barik. Hilak ateratzea uretatik esate baterako. Gure aurreko taldeari umetxo bat hilik iritzi zitzaien portura eta hortik hiru egunetara bi urteko ume bat oso gaizki heldu eta hil egin zen. Haiek ukituago iritsiko ziren.
Berriz joateko asmorik badaukazu?
Bueltako bide guztia hegazkinean horretaz hitz egiten igaro genuen. Ea noiz egongo ginen libre berriz, bueltatu ahal izateko. Egiten dugun lanak errekonozimendu handia izan du. Irlan ere oso ongi hartzen gintuzten. Inork sartu nahi ez zuen lekuan sartzen ginela esaten ziguten. Errekonozimendu horrek jarraitzeko indarra ematen du, baina ondo jarraitu behar da, jende kualifikatuagaz. SMHren asmoa ere aurrera jarraitzea da, uretako sorospen laguntza ematen jarraitzea beharra dagoen edozein lekutan.