Pertsonaia ezagun eta historikoen marrazki eta ipuin lehiaketa abian da
8 urtetik aurrerako bizilagunek parte hartu dezakete lehiaketan. Apirilaren 25etik 29ra aurkeztu behar dira lanak, liburutegian. 'Kaxero Gaupasero' herriko jaietako pertsonaia da gaiaUdalak eta udal liburutegiak antolatuta, Berriatuko I. Ipuin eta Marr...
8 urtetik aurrerako bizilagunek parte hartu dezakete lehiaketan. Apirilaren 25etik 29ra aurkeztu behar dira lanak, liburutegian. ‘Kaxero Gaupasero’ herriko jaietako pertsonaia da gaia
Udalak eta udal liburutegiak antolatuta, Berriatuko I. Ipuin eta Marrazki Lehiaketa abian da. Lehiaketan 8 urtetik aurrerako herritarrek parte hartu ahal dute.Egitasmoaren helburua herriko pertsonai ezagun eta historikoen inguruko ipuinak sortzea eta literatur sorkuntzari bidea zabaltzea da.
Lehiaketa aurten estreinako egingo bada ere, aurrerantzean urteetako ibilbidea izatea nahiko lukete antolatzaileek.
Ondoko beste helburuak ere baditu lehiaketak: herritarren artean idazle zaletasuna sustatzea, literatur eta marrazketa diziplinak herritarrengan bultzatzea, herriko pertsonaien inguruko jakintza eta ezagutza bultzatzea eta liburutegira herritarrak gerturatzea.
Parte hartzaileak hiru mailatan banatuko direla jakitera eman dute: 8-12 urte bitartekoak marrazkiak edo ipuinak, 12-18 urte bitartekoak ipuina eta 18 urtetik gorakoak ipuina.
Lehiaketako gaia Kaxero Gaupasero herriko jaietako pertsonaia da.
«Urteak dira Kasero Gaupasero pertsonaia herrian daukagula, baina pertsonaiaren historia ez daukagu. Beraz, herritarrak pertsonaia horren istorioa asmatzera animatzen ditugu», azaldu du Jon Arriola Berriatuko alkateak.
Beraz, lehiaketa hau irabazten duen herritarraren istorioa, Kasero Gaupaseroren historia ofizial bilakatuko da.
Baldintzak
Lanaren luzerari dagokionez, honako baldintzak ezarri dituzte: idazlanak DIN A-4 orrialde tamainan aurkeztu beharko dira, Times New Roman 12 letra estilo eta tamainan, eta lerroartea 1,5ekoa izango beharko da.
8-12 urte bitartekoek gehienez ere bi orrialde aurkeztu ahalko dituzte, 12-18 urte bitartekoek lau orrialde, eta 18tik gorakoek bost orrialde.
Marrazkien ezaugarriei dagokienez, DIN A-3 tamainako edozein euskarri erabili daiteke; marrazkia egiteko materiala ere edozein izan ahal da.
Bestalde, lan guztiak euskaraz izan beharko dira. Berriatuarrez, bizkaieraz zein euskara batuaz idatzitakoak onartuko dituzte.
Apirilaren 25etik 29ra aurkeztu beharko dira lanak, liburutegian. Astelehenetik barikura, 17:00etatik 20:00etara dago zabalik.
Aurkezteko moduari dagokionez, lan bakoitzaren egileak bere izena eta abizenak, helbidea eta telefono zenbakia zehaztu beharko ditu. Halaber, adin txikikoen kasuan, gurasoen datuak eta euren telefonoa ere jarri beharko dira.
Lehiaketara aurkezten diren ipuin eta marrazki guztiak udal liburutegian ikusgai egongo dira maiatzaren 6tik aurrera, eta guztiak gordeko dira.
Sari banaketa maiatzean
Epaimahaia Berriatuko Udaleko zinegotzi batek, liburutegiko arduradunak eta beste hiru herritarrek osatuko dute.
Sari banaketa maiatzaren 6an egingo dute, Kaxero Gaupasero herrira iritsi eta txupinazoa bota ostean, udaletxeko balkoian.