San Inaziokoek ezingo dute etxean sartu, lanek dirauten tartean
Ondarroako Udalak barikuan lur jausiak kaltetutako bizilagunekin Santa Klara kofradian izandako bileran jakitera eman zuenez, hondeamakinak egunean 20 orduz ariko dira Kamiñaldeko mendian beharrean. Guztira 500.000 metro kubiko lur mugituko dute, eta ...
Ehunka lagun izan ziren Santa Klara kofradiako bilera aretoan bildu zirenak. Eta udal ordezkariek, eskerrak eman nahi dizkiete herritarrei, egoera gogorra izanagatik ere, «erakutsitako jarrera apalagatik».
Mendiari dagokionez, aste honetan lanean aritu den geologo taldearekin bilduko dira udal ordezkariak, eta ondoren geologoek azaldutakoa herritarrei jakinaraziko zaiela aipatu zuten.
Ahalik eta arinen
Alokabide ere aurreko astean elkartu zen kaltetuekin eta larrialdi egoeran dauden herritarrei «hainbat arinen» etxebizitza aurkituko zaiela aurreratu dute. Momentuz, orain, herritarrek utzitako etxebizitzak aztertzen eta baliabideak behar dituztenei eskaintzen jarraituko dutela esan dute.
Bide horretik, Alokabidek etxe hutsak dituztenei beraien etxebizitzak alokairuan emateko eskaria egin du. Alokabidek iragarri duenez, uzten diren etxebizitza horien kudeaketagaz arduratuko dira, eta ostean, horiek «egoera berean» bueltatuko dira. Hileroko errenta 450 euro artekoa izango da, eta horrez gain, urte baterako kontratua sinatuko da jabearekin, eta kontratu hori hilabeteka luzatzeko aukera egongo da, beharren arabera.
Interesatuek Lea-Artibai eta Mutrikuko udaletxeetako harreretara jo dezakete beraien etxebizitzak eskaintzera. Informazio gehiago nahi izanez gero, ondarroa-alokabide@alokabide.eus helbidera idatzi edo 630 407 726 telefonora deitu daiteke.
Horri lotuta, inguruko herrietako udalek ere euren herrietan etxebizitza hutsak lagatzeko deia egin dute. Eta Ondarroako Udalak ahalegin hori txalotu nahi izan du. «Eskualdeko herri guztietan ari dira eskaria egiten».