Leongo Alto Sil-eko podiumera igo da Kortazar
Oihana Kortazar korrikalari mutrikuarrak asteburu bikaina izan du. Leonen (Espainia) jokatu den VIII. Alto Sil-eko bi probetan podiumera igo da. Alde batetik, kilometro bertikalean lehen postua lortu du, eta bestetik, lasterketa luzean bigarren amaitu ...
Kronoeskaladako probari dagokionez, zapatuan egin zen. Bobia salentinos-etik (Leon, Espainia) irtenda 4 kilometro inguruko ibilbidea burutu behar izan zuten parte hartzaileek, Catoute mendilerroan barrena, 800 metroko desnibel positiboarekin.
Mutrikuarra proba irabazteko faboritoen artean zegoen, eta ez zuen hutsik egin. Nagusitasun osoz lehen postuan amaitu zuen Kortazarrek, 42:40 markarekin. Bigarren eta hirugarren, hurrenez hurren, Victoria Santamaria (46:35) eta Laura Dionisio (49:41) izan ziren.
Kortazarrek nabarmendu duenez, oso proba polita izan zen. «Dena elurretan zegoen. Nire berezitasuna igoerak direnez, aldapa gora ibiltzerako orduan eroso sentitu nintzen. Irabazi banuen ere, hurrengo eguneko probarako indarrak gorde nahian ibili nintzen».
Bigarren lasterketa luzean
Domekan jokatu zen lasterketa luzean, aldiz, bigarren amaitu zuen mutrikuarrak, Azara Garciaren atzetik. Proba aldapatsua izan zen. Parte hartzaileek Santa Cruz de Sil-eko plazan hasi eta amaitu zuten 32 kilometroko ibilbidea, eta 1900 metroko desnibel negatiboa eta positiboa gainditu behar izan zituzten helmugaratu aurretik.
Korrikalari mutrikuarrak iragarri duenez, proba luzean ez zuen sentipen onik eduki. «Ez nuen nire indar denekin korrika egiteko aukerarik eduki, eta bigarren bukatzearekin oso pozik nago. Denboraldia hasi besterik ez da egin, eta sasoiko egoteko goiz dela deritzot. Nire asmoa, maiatzetik aurrera hobeto egotea da».
Kortazarrek azpimarratu duenez, ez da lasterketa egiten duen lehen aldia, eta bertan berriro hartzea polita izan da. Lehen kilometroetan aurretik ibili zen, eta Azara Garciak gertutik jarraitu zuela aipatu du. Gero, ordea, nahikoa berdinduta ibili ziren biak, eta azken kilometroetan, aurrea hartzea lortu zuen Garciak.