Hainbat lagunek bat egin dute Bermeoko Amnistia Egunagaz
Amnistiaren Eguna ospatu zuten zapatuan, Bermeon. Etenik gabeko eguna izan zuten, goizean hasi eta gauera arte, eta hainbat izan ziren antolatutako jarduerekin bat egin zuten lagunek.Kabidxen batuta, hitzaldi bategaz eman zioten hasiera egunari. Jesus ...
Kabidxen batuta, hitzaldi bategaz eman zioten hasiera egunari. Jesus Mari Mendinuetak, Amnistiaren aldeko eta errepresioaren aurkako mugimenduaren berri eman zien bertaratutakoei. Mugimendua, 2014an jaio zela dio: «Euskal errepresaliatu politikoen inguruan zegoen hutsaren ondorioz; izan ere, baztertuta geratu zen Askatasunak eta Amnistiaren aldeko batzordeak egiten zuten lana». Mendinuetaren arabera, «Amnistiaren kontzeptua eta amnistiaren borrokak dituen esanahi guztiak berreskuratu behar zirela uste genuelako eratu zen».
Amnistia «ezinbestekoa» dela deritzo Mendinuetak: «Amnistiarekin hasi eta amaitzen da ibilbidea. Amnistia lortzen badugu, independentzia, sozialismoa eta askatasuna lortuko ditugu. Amnistia berak zera esan nahi du; gatazka sortu duen benetako arrazoiak gainditzea».
Ibilbidea ez dela «erraza izaten ari» esan du: «testuinguru politikoak ziaboga bat eman du. Lehen amnistia aldarrikatzen zuten batzuek, aldarrikapen horiek zapuzten dituzte orain. Beste hainbatek, aldiz, lanean jarraitzen dugu». Hala, mugimendu txiki modura jaio bazen ere, gutxika-gutxika forma hartzen joan dela dio, «nahiz eta oztopoak aurkitu dituzten bidean».
Azaroaren 28ko manifestazioa inflexio puntua izan zela nabarmendu du; «amnistiaren aldarrikapena berriro kalera atera baitzen», dio. Sektore ezberdinen inplikazioa «beharrezkoa» dela uste du Mendinuetak, «errepresaliatuak etxeratzea lortu nahi baldin badugu, herri mugimendua beharrezkoa izango da».
Jai giroan
Amnistiaren aldarrikapena jai giroan egin zuten; kalejiran ibili ziren, elkartasun bazkarian batu ziren, eta Gatom, Sinnerdolls eta DJ Data Kakanito Zaitezen musikagaz amaitu zuten eguna.