Gernika Bizkaiak asteburuan amaituko du denboraldia
Emakumezkoen ligan bi jardunaldi falta dira 2015-2016 denboraldia amaitzeko, eta aste honetan jokatuko dituzte biak. Gernika Bizkaiak Añares Riojaren kantxan jokatuko du bihar, eta zapatuan etxean agurtuko du denboraldia, Spar Gran Canariaren kontra.Z...
Zapatuan, norgehiagoka berezia jokatu zuen talde gernikarrak Bilboko Bizkaia Arenan. All Star Day jaialdian, Bizkaiko saskibaloiaren jaialdiaren barruan, 79-68 nagusitu zen IDK Gipuzkoaren kontra.
Lehen laurdena erabakigarria izan zen. Bizkaitarrak indartsu kantxaratu ziren; erritmo bizia ezarriz. 28-16 amaitu zuten lehen laurdena, eta bigarrena ere bide beretik joan zen. Hamar puntuko aldeari eustea lortu zuten. Jokalariak bikain aritu ziren, eta guztien buru izan zen Edwards. 47-33-ko markagailuagaz heldu ziren atsedenaldira.
Hirugarren laurdenean talde gernikarrak intentsitatea jaitsi izana igarri zen. Joko-erritmoa jaistea ondo aprobetxatu zuten gipuzkoarrek, eta aldea murrizteko baliatu zuten. 59-54-ko emaitzagaz ekin zioten azken laurdenari.
Mario Lopez talde gernikarraren entrenatzaileak eskerrak eman zizkion Bizkaiko Saskibaloi Federazioari Bilbao Arenan jokatzeko aukera ematearren. Halaber, Gernika-Lumotik eta inguruetatik Bilbora joandako zaleentzat ere esker oneko berbak izan zituen. Esperientzia itzela zela nabarmendu zuen, eta «emozioz» beterikoa.
Oroigarriak
Bizkaiko Saskibaloi Federazioaren 75. urteurrena ospatzeko jaialdian Bizkaian arlo horretan zeresana eman duten profesionalei oroigarriak banatu zizkieten. Besteak beste, Gernika Bizkaia taldetik Izaskun Garcia eta Yaiza Lazaro jokalariek, Mario Lopez entrenatzaileak eta Gerardo Candina presidenteak oroigarri bana jaso zuten.