Gazteen kezkei buruz aritu dira gazteak Mundakan, EGI egunean
Ohi modura, Aberri Egunaren aurreko asteburuan ospatu du Euzko Gaztedi (EGI) Gazte Erakundeak EGI Eguna. Hain zuzen ere, zapatuan batu ziren gazteak, Mundakan. Jai eguna bazuten ere, EGIko gazteek euren egonezinak plazaratzeko aukera izan zuten, bai et...
Ikurrina altxatzen hasi zuten EGI Eguna. Ondoren, Zuri Dagokizu goiburupean, zortzi kidek ahotsa jarri zieten gazteriaren kezkei. Besteak beste, bakea eta bizikidetzaz, kultura eta euskaraz, enpleguaz, berdintasunaz, politika sozialez, aisialdiaz eta gazteak eta politikaz hitz egin dute gazteek goizeko ekitaldian.
Hainbat izan ziren kostaldeko herrira bertaratu ziren EGIko gazteak, bai eta Eusko Alderdi Jeltzaleko (EAJ) ordezkariak ere. Hala, Mundakan izan ziren, besteren artean, Iñigo Urkullu Lehendakaria, Unai Rementeria Bizkaiko Foru Aldundiko ahaldun nagusia, Ana Otadui Bizkaiko Batzar Nagusietako presidentea, EBBren presidente Andoni Ortuzar eta Mundakako alkate Aitor Egurrola.
Helburu bakarra, lana
Gazteen ostean, Ortuzarrek hartu zuen hitza. Gazteei esan zien Ortuzarrek «etorkizunak euren buruetatik, eskuetatik eta konpromisotik» etorri behar duela. «Euskadik etorkizunari begiratuko dioten ideiak behar ditu, eta ez iraganeko kontuak ekarriko dituena», gaineratu zuen.
EAJren helburu bakarra, lana sortzea dela esan zuen Ortuzarrek, «eta lanean ari gara gazte guztiek lanpostu duin bat eduki dezaten».
Ekitaldi politikoaren ostean, trikipoteoan aritu ziren bertaratutako gazteak. Elkarrekin bazkaldu ondoren, berriz, jokoak egin zituzten eta bertsopoteoan ibili ziren, dantzan amaitzeko.