Europako Geoparkeen biltzarra Mutrikuko bisitarekin amaitu da
Lau egunetan Euskal Kostaldeko Geoparkea osatzen duten herriak bertatik bertara ezagutu dituzte europako ordezkariek. Mutrikun herriko ondarea eta historia ezagutu dituzteEguaztenean hasi zen Europako Geoparkeen Sarearen 37. Biltzarra, Itziarren. Eta z...
Lau egunetan Euskal Kostaldeko Geoparkea osatzen duten herriak bertatik bertara ezagutu dituzte europako ordezkariek. Mutrikun herriko ondarea eta historia ezagutu dituzte
Eguaztenean hasi zen Europako Geoparkeen Sarearen 37. Biltzarra, Itziarren. Eta zapatuan amaitu zen, Mutrikun. Europako Geoparkeen Sarea osatzen duten 69 geoparkeetako 140 ordezkari bildu ziren. Eta hain zuzen ere, ordezkari guzti horiek Euskal Kostaldeko Geoparkea goiti-behera ezagutzeko aukera eduki zuten. Izan ere, bilera asko egin badituzte ere, lau egunetan Geoparkea osatzen duten herriak bertatik bertara ezagutu zituzten.Mutrikun, eguraldia aldeko eduki ez bazuten ere, herriko ondarea eta historia ezagutu zuten: Nautilus interpretazio zentroa, eliza, herriguneko kaleak, elkarte gastronomiko bat, portua, bentalekua… 17:00etan hasi ziren Mutriku ezagutzen. «Guztira 100 pertsona izan dira Mutrikura etorri direnak. Baina bi taldetan banatu ditugu: geologoak eta geologo ez direnak», azaldu zuten Euskal Kostaldeko Geoparkeko ordezkariek.
Geologo ez zirenak Leire Barriuso Euskal Kostaldeko Geoparkeko kudeatzaileagaz eta dinamizatzaileagaz ibili ziren. Geologoak, ostera, Asier Hilario Euskal Kostaldeko Geoparkeko geologoagaz egin zuten bisita. Talde baten zein bestean, Mutriku ondo-ondo ezagutzeko aukera eduki zuten.
Urteak atzera
Bentalekuak, esaterako, geoparkeetako ordezkarien arreta piztu zuen. Izan ere, urteak atzera arraina nola saltzen zen jakin ahal izan zuten.
Bisita gidaturekin amaitzeko, Beheko Plazan txalaparta saio bat eskaini zieten bi herritarrek. Eta ostean, ordezkari guztiak Miruaitz frontoira joan ziren. Han zesta-punta partidu bat eta harri-jasotze erakustaldia eduki zuten.
Aitor eta Mikel Mansizidor anaiek eta Jon Goenagak eta Xabier Arrizabalagak zesta-puntan nola jolasten den erakutsi zien, partidu batekin.
Ostean, Jon Gisasola harrijasotzaileak bere erakustaldia egin zuen; geoparkeetako ordezkariak zur eta lur geratu ziren pisu handiko harriak jasotzeko Gisasolak erakutsitako trebeziarekin.
Taldeko argakia aterata eta bertoko produktuak dastatuz amaitu zen ekitaldia eta ondorioz, Europako Geoparkeen Sareko 37. Biltzarra.