Etxebarria eta Markina-Xemeingo Udalek itzuliaren irteera aurkeztu dute
Ekitaldiaren antolaketan lagundu duten enpresa eta boluntario guztien laguntza eskertu dute. Minutu bateko isiltasuna gordeko da irteeran asteburuko ezbeharragatikEuskal Herriko itzuliko antolatzaileek eta Etxebarriko eta Markina-Xemeingo Udalek apiril...
Ekitaldiaren antolaketan lagundu duten enpresa eta boluntario guztien laguntza eskertu dute. Minutu bateko isiltasuna gordeko da irteeran asteburuko ezbeharragatik
Euskal Herriko itzuliko antolatzaileek eta Etxebarriko eta Markina-Xemeingo Udalek apirilaren 4an Etxebarrian hasiko den 56. Euskal Herriko Itzulia aurkeztu eta lankidetzarako hitzarmena sinatu zuten atzo goizean Etxebarriko udaletxean egindako ekitaldian. Bertan egon ziren Julian Eraso Itzuliaren antolatzailea, Jesus Iriondo Etxebarriko alkatea, Juanjo Txurruka Markina-Xemeingo alkatea eta Joseba Iraolagoitia Markina-Xemeingo kirol zinegotzia.Udalerrian asteburuan izandako ezbeharra gogoan hasi zuen aurkezpena Etxebarriko alkateak. Etxebarritarrek kolpe gogorra hartu dutela azpimarratu zuen Iriondok, bertan bizi zen gazte ondarrutarra galduta. Hori dela eta, Itzuliaren hasieran, eta gainera hil den mutila lasterketa laguntzen duen Nemak enpresako behargina zela kontuan hartuta, bere omenez, irteerako momentuan, minutu bateko isiltasuna egingo dela jakitera eman zuen Julian Erasok. «Haren familiak duen atsekabea leuntzeko asmoz».
Gaztea galdu duen sendiari euren samina eta elkartasuna erakutsi ondoren, eskerrak emateko tartea hartu zuten ekitaldiaren antolatzaileek. Itzuliaren antolatzaileei euren eskaria onartzea eskertu zien Jesus Iriondok, eta guztia aurrera eramateko egin duten ahalegin ekonomiko handia, enpresei.
Euskal Herriko Itzulia antolatzearen helburua Etxebarria ezagutzera ematea, kirolariak bertatik bertara ezagutzeko aukera ematea, ekonomiari bultzada bat ematea, Etxebarriko izena munduan zehar zabaldu duen Amets Txurruka txirrindulariari omenaldi bat egitea eta txirrindularitzan leku bat egin nahian dabiltzan txirrindulari gazteei bultzada bat ematea dela azaldu zuen Iriondok. Horrez gain, proiektua aurrera eraman duten bi herrien elkarlana nabarmendu zuen. «Askotan politikak banandu egiten gaitu, eta kirol hau medio, kolore ezberdinetako politiko eta herri bi elkartu gara. Ia aurrerantzean ere, beste esparruetan ere berdina gertatzen den, gizarte honek elkartzea eskatzen deusku-eta, ez banatzea».
Boluntarioei ere bere esker ona erakutsi nahi izan die Etxebarriko alkateak, eta Joseba Iraolagoitiaren lanari aipamen berezia egin zion.
Nahiz eta herri bi izan, Etxebarria eta Markina-Xemein oso lotuta dauden herriak direla aitatu du Juanjo Txurrukak asteburuko ezbeharra bere eginez. «Etxekoak gara denok eta elkartasuna adierazi nahi diegu etxebarritarrei eta etxekoei».
Orain dela bi urte Markina-Xemeinen egin zen Itzuliaren amaieratik Markina-Xemeingo, eta batez ere Etxebarriko Udala, errepikatzeko gogo handiagaz geratu zirela adierazi zuen Julian Erasok. «Aurreko Itzulian oso ondo atera ziren ekitaldi guztiak eta ziur nago oraingoan ere ondo aterako direla, elkarlanean gauzak oso ondo egin dituztelako».
Amets Txurruka Lagunartie eta Markina-Xemeingo Txirrindulari Taldearen parte hartzea eskertu zituen, amaitzeko, Joseba Iraolagoitiak, eta herritarrei pazientzia apur bat eskatu zien lasterketak sortu ditzakeen eragozpenakgatik.
Irteera, eguerdian
Apirilaren 4an, 13:25ean, irtengo dira txirrindulariak Etxebarriatik, 56. Itzuliari hasiera emanez. 144 kilometroko ibilbidea izango dute aurretik, Markina-Xemeingo frontoiaren pareko errepidean egongo den helmugara heltzeko. 3. mailako portu bi (Gontzagaigana eta Santa Eufemia), bigarren mailako beste bi (Azkarate eta San Miguel) eta lehen mailako bat (Ixua) igo beharko dituzte ibilbidean zehar, eta gutxi gorabehera 17:00ak inguruan helmugaratu daitezkeela aurreikusi du antolaketak.
UCI World Tour-eko talderik onenak ikusteko aukera egongo da: Team Katusha (RUS), Team Sky (GBR), Movistar Team (ESP), Orica Green EDGE (AUS), BMC Racing Team (AEB), Tinkoff (RUS), Cannondale Pro Cyclin Team (AEB), AG2R La Mondiale (FRA), Lotto Soudal (BEL), FDJ (FRA), Dimension Data (RSA), Lampre-merida (ITA), Trek-Segafredo (AEB)
Talde horien guztien aurkezpena Etxebarrian bertan egingo da, itzuliaren lehen egunean, 12:10etan hasita, udaletxe aurrean. Bertan egongo da Amets Txurruka, herriko txirrindularia ere, oraingoan Orica Green EDGE talde berriagaz.
Itzuliaren bigarren etapa, apirilaren 5ekoa, Markina-Xemeinen hasiko da, 12:35ak aldera, Zelaitik.