Arbola berriak Garraitzen
Lekeitioko Udalak zuhaitzen birlandatze prozesua hasi du Garraitz irlan. Basoen Nazioarteko Eguna zela eta, landaketagaz hasi ziren atzo, herriko ikastetxeetako ikasleekin bateraBasoen Nazioarteko Eguna zela eta, Lekeitioko Udalak, herriko ikastetxeeki...
Lekeitioko Udalak zuhaitzen birlandatze prozesua hasi du Garraitz irlan. Basoen Nazioarteko Eguna zela eta, landaketagaz hasi ziren atzo, herriko ikastetxeetako ikasleekin batera
Basoen Nazioarteko Eguna zela eta, Lekeitioko Udalak, herriko ikastetxeekin batera, zuhaitz landaketa antolatu zuen atzo, Garraitz irlan. Elena Unzueta Iraunkortasuna eta Ingurune Naturala Sustatzeko diputatuak, Lucia Isla Nekazaritzako zuzendariak eta Koldo Goitia Lekeitioko alkateak hartu zuten parte Garraitz irla basoberritzeko hasierako lanetan. Eurekin batera egon ziren hainbat herritar, eta guztiek batera, espezie ezberdinetako 700 arbola landatu zituzten.Azken hilabeteetan irla basoberritzeko lanean aritu da udala, Bizkaiko Foru Aldundiagaz lankidetzan, eta Zuhaitz Eguna ospatzeko ekitaldi horregaz lan horien azken faseari hasiera eman diote. Bi erakundeak garatu duten proiektuaren helburua irla berreskuratu eta Lekeitioko paisaiari itzultzea dela azaldu zuten. «Udalerriko natur eta ondare baliabiderik nagusienetakoa da eta».
Ingurunea ikuspegi naturaletik berreskuratuko dela azpimarratu zuen Elena Unzuetak. Baina, aldi berean, bisitatzera joaten diren pertsonek eta Lekeitioko bizilagunek gozatu ahal izango dutela. «Uharte hau ikuspuntu guztietatik berreskuratuko dugu. Natur espazio hau zaharberrituko dugu, landaretza berriz hornitu ere bai eta, era berean, bisitatu nahi dutenentzat erakargarriago bihurtuko dugu, turismorako eta aisialdirako ikuspegi berria emanez», azaldu zuen.
Lanean hasita
Hori guztia lortzeko, uztailean abian jarri zuten plangintza bat diseinatu zuten erakunde biek elkarlanean. Horrela, irla inguratzen duten bideak egokitu, itxitura babesleak konpondu, zuhaitza lehorrak moztu, trontzatu eta metatu dituzte, eta orain, ingurua landatzen hasi dira.
Guztira, zutik zeuden 70 ale lehor moztu dituzte eta jada lurrean zeuden beste 50 kendu dituzte. Hemendik aurrera berriz, 11 espezie ezberdinetako 700 ale landatuko dituzte. «Kantauriko itsasertzak berezkoak dituenak, eta beraz, gazitasuna jasaten dutenak».
Hain zuzen, 100 ale gorosti, 200 arte, 30 ale gurbitz eta 200 erramu, 100 tamarindo, 15 legeltxor, 10 otsalizar, 10 gurbe zuri, 15 karraskila, 10 madariondo basati eta 10 sagarrondo basati landatuko dituzte Garraitzen.