Besteak beste, Izaskun Garcia eta Yaiza Lazaro jokalariek, Mario Lopez entrenatzaileak eta Gerardo Candinak oroigarri bana jaso zuten. Argazkia: Gernika KESB
Norgehiagoka berezia izan zen herenegun Bilboko Bizkaia Arenan jokatutakoa.
All Star Day jaialdian, Bizkaiko saskibaloiaren jaialdian, saskibaloi zaleek gozatu zuten Emakumezkoen ligako eta Endesa ligako jokalarien erakustaldiekin.
Lehen laurdena erabakigarria izan zen. Bizkaitarrak indartsu kantxaratu ziren; erritmo bizia ezarriz. 28-16 amaitu zuten lehen laurdena, eta bigarren laurdena ere bide beretik joan zen. Hamar puntuko aldeari eustea lortu zuten. Jokalariak bikain aritu ziren, eta guztien buru izan zen Edwards. 47-33-ko markagailuagaz heldu ziren atsedenaldira.
Hirugarren laurdenean Gernika Bizkaiko jokalariek intentsitatea jaitsi izana igarri zen. Joko-erritmoa jaistea ondo aprobetxatu zuten gipuzkoarrek, eta aldea murrizteko baliatu zuten. 59-54-ko emaitzagaz ekin zioten azken laurdenari.
Argazkia: Txebi Arriaga.
Mario Lopez talde gernikarraren entrenatzaileak eskerrak eman zizkion Bizkaiko Saskibaloi Federazioari Bilbao Arenan jokatzeko aukera ematearren. Halaber, Gernika-Lumotik eta inguruetatik Bilbora joandako zaleentzat ere esker oneko berbak izan zituen. Esperientzia itzela zela nabarmendu zuen, eta “emozioz” beterikoa.
Bizkaiko saskibaloiaren jaialdia
Herenegungo Bizkaiko saskibaloiaren jaialdian, Bizkaiko Saskibaloi Federazioaren 75. urteurrena ospatzeko ekitaldien barruan, Bizkaian arlo horretan zeresana eman duten profesionalei oroigarriak banatu zizkieten.
Gernika Bizkaia taldeko Izaskun Garcia eta Yaiza Lazaro jokalariek, Mario Lopez entrenatzaileak eta Gerardo Candina presidenteak oroigarri bana jaso zuten. Era berean, hauek ere saritu zituzten: Xabier Jon Davalillo, Borja Mendia, Mikel Torre, Txemi Urtasun, Juan Carlos Garcia eta Txema Prieto.
Azken bi partidak
Asteburu honetan amaituko dute 2015-2016 denboraldia Emakumezkoen Ligan. Eguaztenean Gernika Bizkaiak Añares Riojaren kontra jokatuko du, eta asteburuan etxean izango dute azken partida, Spar Gran Canaria taldearen kontra.
Argazkia: Txebi Arriaga.