Argazkia: Basati-Bike Busturia TT.
Basati Bike-Busturia taldeko txirrindulariak irabazi du lau etapako lasterketa. Tartekako helmugetako mailot urdina ere jantzi du.
Hain zuzen ere, taldearen historian garaipen garrantzitsua da Meauriok lortutakoa, taldearen 32 urteetan lehenengo aldiz lortu baitute lau etapako lasterketa bat irabaztea.
Lau ordu, 36 minutu eta 29 segundoko denbora pilatu du irabazleak. Ondoren, 42 segundoko aldeagaz bigarren sailkatu da Jon Sanchez Toyota Armentia taldeko txirrindularia, eta Jon Barrenetxea Gastronomia Baska-Avia taldeko txirrindulariak osatu du podiuma
( irabazlearengandik bi minutu eta bederatzi segundora sailkatuta).
Azken lau asteburuetan jokatu dituzte etapak, asteburu bakoitzean etapa bana.
Otsailaren 27an lehiatu zuten lehenengoa, Okondon. Bigarrena, Kexana eta Murgana artekoa, martxoaren 3an izan zen. Martxoaren 12an, berriz, Amurrion egin zuten hirugarren etapa, eta asteburu honetan, herenegun, Artziniegan lehiatu zuten laugarren etapa. Azken horretan, Pablo Gutierrez izan zen garaile; Mario Apariciok egin zuen bigarren, eta Marcos Pison izan zen hirugarrena. Meauriok hamaikagarren amaitu zuen herenegungo etapa.
“Lau etapako bira oso gogorra izan da, lau egunetan denboraldiak ez baitigu lagundu; euria eta hotza izan dira nagusi”, azaldu dute talde busturiarreko kideek. Hala ere, oso pozik parte hartu dutela nabarmendu dute.
Meaurioz gain, Basati Bike-Busturia taldetik txirrindulari hauek lehiatu dute Aiarako Bira: Mikel Gonzalez, Aitor Fullaondo, Lander Bilbao, Peio Akaiturri, Iker San Nikolas, Gorka Gorrindo eta Ander Silva.
Argazkia: Basati Bike-Busturia TT.