Hainbat lagunek bat egin dute gaur Bermeon, amnistiaren eguna ospatzeko. Kabidxen batuta, hitzaldi bategaz eman diote hasiera egunari.
Jesus Mari Mendinueta eta Elias Fernandez
Amnistiaren aldeko eta errepresioaren aurkako mugimenduaren berri eman dute hitzaldi horretan: zergatik eta zertarako sortu den, mugimenduaren ibilbidea zein izan den eta gaur egun egoera zein den azaldu du mugimenduko kide Jesus Mari Mendinuetak.
Mugimendua, hain zuzen ere, 2014an jaio zela azaldu dute “euskal errepresaliatu politikoen inguruan zegoen hutsaren ondorioz“.
Mugimendua sortzeko arrazoiak ugariak izan zirela aipatu dute: “Ehunka militante errepresioa euren azaletan sufritzera eraman dituen borrokaren inguruan ematen ari zen despolitizazioaren gaineko kezka; aministia delako errepresaliatu horientzako irtenbide duin eta baldintzarik gabeko aukera bakarra; errepresaliatu gehiago ez sortzeko eta gure herriaren defentsaren aldeko borrokara bultzatu zituzten arrazoien gainditzea eta zapalkuntza nazional eta sozialaren arduradunek zigortuko dituen justizia baten lorpena”.
Amnistia “ezinbestekoa” dela deritzo Mendinuetak: “Amnistiarekin hasi eta amaitzen da ibilbidea. Amnistia lortzen badugu, independentzia, sozialismoa eta askatasuna lortuko ditugu. Amnistia berak zera esan nahi du; gatazka sortu duen benetako arrazoiak gainditzea”.
Ibilbidea ez dela “erraza izaten ari” esan du: “testuinguru politikoak ziaboga bat eman du. Lehen amnistia aldarrikatzen zuten batzuek, aldarrikapen horiek zapuzten dituzte orain. Beste hainbatek, aldiz, lanean jarraitzen dugu”. Hala, mugimendu txiki modura jaio bazen ere, gutxika-gutxika forma hartzen joan dela nabarmendu zuen Mendinuetak. Hala, herrialde guztietan lan taldeak eratzea lortu dela azaldu du.
Azaroaren 28ko manifestazioa inflexio puntua izan zela nabarmendu du; “amnistiaren aldarrikapena berriro kalera atera baitzen”, dio. Sektore ezberdinen inplikazioa “beharrezkoa” dela uste du Mendinuetak, “errepresaliatuak etxeratzea lortu nahi baldin badugu, herri mugimendua beharrezkoa izango da”.
Hitzaldia amaitu ostean, Kabidxetik atera eta kalejiran ibili dira. Etenik gabeko eguna dutenez, Kabidxen batuko dira berriro elkarrekin bazkaltzeko, deialdiarekin bat egiten duten herritarrek. Materiala ere salgai izan dute Kabidxeren kanpoaldean.
Materiala saltzen ibili dira Kabidxeren kanpoaldean
19:00etatik aurrera, bestalde, lehenik eta behin Andra Mari elizako aterpean, amnistia zer den irudikatuko duen antzezlan bat prestatu dute. Ondoren, musikarentzako tartea izango da. Bertaratutakoek, Gatom eta Sinnerdolls taldeen musikaz gozatzeko aukera izango dute. Amaitzerakoan, DJ Data Kakanito Zaitez-ek jarraituko du musika jartzen.
Busturialdeko albisteak euskaraz, libre eta kalitatez jaso nahi dituzu? Horretarako zure babesa ezinbestekoa dugu. Egin zaitez HITZAkide! Zure ekarpenari esker, euskaratik eginda dagoen tokiko informazio profesionala garatzen eta indartzen lagunduko duzu.
Tokiko informazioa profesionaltasunez eta euskaratik, modu librean kontatzea da gure eginkizuna. Horretarako zure ekarpena beharrezkoa da, eta ongi maitatzeko modurik zintzoena da HITZAkide egitea.
Ezagutu HITZAkide izatearen abantailak eta aukeratu HITZAkide izateko gustuko modalitatea.
Tokiko informazioa profesionaltasunez eta euskaratik, modu librean kontatzea da gure eginkizuna. Horretarako zure ekarpena beharrezkoa da, eta ongi maitatzeko modurik zintzoena da HITZAkide egitea.