La galerna y la mar liburua idatzi du Isabel Letek. Eleberrian, Bermeon 1912.urteko abuztuaren 12an gertatutako galerna dakar gogora. Hala ere, liburuko protagonistak andreak dira; hau da, itsasoko emakumeak eta alargun geratu zirenak, hain zuzen ere. Desclee De Brouwer editorialak argitaratu dio liburua. Bere lehenengo eleberria da, eta joan den astean aurkeztu zuten Bilboko Itsasadarra Itsas Museoan.
Isabel Lete
Zer dela-eta erabaki duzu 1912ko galernaren inguruan idaztea?
Galernen inguruan ikertzen hasi nintzenean, hildakoei buruz berbarik ez egitea erabaki nuen. Izan ere, orain arte galernak hildako kopuruaren arabera neurtu izan baitira. Baina orduko emakumeei buruz inork ez du hitzik egin. 100 urte baino gehiago igaro dira, eta ez da berriro horrelako kalte bat gertatuko. Toti Martinez de Lezearen Mareas liburua irakurri ostean etorri zitzaidan burura nire liburuaren egitura. Harek, kapitulu bakoitzean protagonista bat hartu, eta momentu historiko batean kokatzen du. Hala, nik, kapitulu bakoitzean Bermeoko emakume bat kokatzea erabaki nuen, eta emakume bakoitzak modu ezberdinean gainditzen ditu galernak eragindako kalteak.
Zenbat emakume dira protagonista?
Zortzi edo bederatzi emakumeren istorioak agertzen dira eleberrian.
Diozunez, hortaz, halakorik berriro gertatzea ezinezkoa litzateke.
Ez, ez. Gaur egun, itsasontziak ez dira sasoi hartan ziren modukoak, aurreikuspenak egiten dira eta komunikazioa ona da, gainera. Komunikazio arazo bat izan zen. Kantauriar isurialde osoan Bizkaiko arrantzaleak izan ziren arrantzan atera ziren bakarrak; gipuzkoarrak bazekiten, bai eta Kantabrian eta Asturias aldetik ere. Orduko hartan, bizkaitarrak izan ziren informazio barik geratu ziren bakarrak. Gaur egun pentsaezina da hori.
Ez nuen hildakoak aipatu gura, baina kasu batzuetan aipatu beharra eduki dut, zenbait gauza gezurtatzeko
Errealitatea eta fikzioa nahasten al dituzu?
Bai, hala da. Lehenik eta behin, dokumentazioa batzen hasi nintzen; 1912. urteko gizartea zelakoa zen ezagutu behar nuen. Behin hori edukita, niregana hurbildu ziren garai hartako eta beste hondoratze batzuetako protagonisten ondorengoak, hemerotekekin, eta ideia orokor bat egiteko informazioa jaso nuen.
Bermeoko emakumeek gustura irakurriko al dute?
Baietz uste dut. 1912ko galerna gainditu zuten emakumeak omendu gura izan ditut eleberriagaz. Badakit ezin izan dudala benetan azaldu eurek bizi izan zuten egoera latza. Ezinezkoa da euren azalean sartzea; baina, gutxienez, hurbilpen bat asmatu dut euren oroimenez. Liburua, baina, irekia da, bide ezberdinak erakusten dizkizu. Ez nuen hildakoak aipatu gura, baina kasu batzuetan aipatu beharra eduki dut, zenbait gauza gezurtatzeko. Pertsonaiek bizi behar izan zituzten gauzarik latzenak aipatu baino ez ditut egin, irakurleak interpreta dezan gura duen modura, horiek ere bere aldetik jarri behar dute eta. Gustura azaldu ditut, bestalde, arrantzaleek egin zituzten arraunketa maniobrak.
Zer izan zen zehazki Bermeon gertatutakoa? Zenbat hildako egon ziren?
Batzuek diote 147 egon zirela; beste batzuek ordea, 142 edo 143. Horiek izan ziren itsasoan arrantzan ari ziren ia gizon guztiak. 75 izan ziren alargun geratu zirenak, horietatik 5 haurdun, eta beste asko seme-alabekin eta senideak zaindu beharrarekin. Ezer barik geratu ziren. 20 neska, bestalde, ezkontzeko bidean geratu ziren. Garai hartan, San Roke egunean ezkontzen ziren Bermeon; hau da, abuztuaren 16an. Egun horretarako 40 ezkontza zeuden antolatuta, eta ezkondu behar zuten 40 horietatik 20 itsasoan hil ziren. Bost urteko doluak egiten ziren orduan; beltzez jantzi eta ezin zuten etxetik atera, ez abestu, ez jolastu…
Pertsonai bakoitzaren ahoan jarri dut galernaren zatitxo bat. Kapitulu bakoitzeko zatiak elkartzen badituzu, galerna bat zelan garatzen den ikas daiteke
Herri gehiago ere aipatzen dituzu, ezta?
Bai, hala da. Elantxobekoa zen hildako bat eta herri hori ere agertzen da liburuan; bai eta Lekeitio ere, bi lekeitiar ere hil zirelako. Gipuzkoako beste hondoratze batzuk ere aipatu ditut.
Lehenengo eleberria duzu, zelan sentitu zara idazten?
Uste dut erraz irakurri eta ulertzen dela. Lagun batek esan dit lo egin ezinik ibili zela gau batean liburua irakurtzen; behin hasita ezin zuela utzi. Nire amak ere irakurri du liburua; ez da asko irakurtzen duen horietakoa, eta gogoz irakurri duela esan dit. Istorio laburrak dira bildu ditudanak; erraz irakurtzen direnak, eta, azken finean, hori zen nire asmoa. Nik gustura idatzi dut liburua. Iaz hasi nintzen liburua idazten, eta otsailean amaitu dut. Hori bai, egun osoak eman ditut idazten.
Hezkuntzarako baliogarria den liburua ere badela diozu.
Hala da, bai. Ikasleek meteorologiaz zerbait ikasteko balio duela uste dut. Nahiz eta eleberri bat izan, datu errealak erabiltzen ditut. Irakasle izandakoa naiz, eta ikastetxeetan eta institutuetan ez da ez meteorologiaz ez ozeanografiaz berba egiten. Nire kasuan, pertsonai bakoitzaren ahoan jarri dut galernaren zatitxo bat. Kapitulu bakoitzeko zatiak elkartzen badituzu, galerna bat zelan garatzen den ikas daiteke. Beraz, erraz ikasteko aukera ematen du, azalpen herrikoiak erabili baititut. Hala ere, ez dakit irakasleek baliogarri ikusiko duten.
«Salgai jartzeko ez bada ere, uda honetan euskaratu egin gura dut eleberria»
Gazteleraz idatzita dago eleberria. Bermeon kokatuta egonik, euskaratzeko asmorik ba al daukazu?
Bai, badaukat, baina zaila egiten zait. Batueraz idatzi gura dut, baina elkarrizketetan, berriz, herriko hizkera erabili gurako nuke. Eta ez naiz ondo sentitzen, irakurtzen dut eta ez dut atsegin. Bermeoko, Elantxobeko edo Lekeitioko hizkeraren inguruko dokumentazioa bilduta daukat. Zaila bada ere, egin beharra daukat, udan ekingo diot lan horri. Nahiz eta salgai ez jarri, itzulpena egingo dut interneten zintzilikatzeko baino ez bada ere.
Galernetan aditua zara. Noiz hasi zinen galernak ikertzen?
Nautikan eta Itsas Garraioan lizentziatua naiz ni. Hala ere, 2012. urtean Espazioko Zientzia eta Teknologian Masterra egin nuen, eta lantzeko gai egokia iruditu zitzaien galernena. Beraz, horretan geratu naiz, formula ezberdinak aztertzen.