EGI Eguna ospatuko dute bihar, Mundakan
Ohi modura, Aberri Egunaren aurreko asteburuan ospatuko du Euzko Gaztedi (EGI) Gazte Erakundeak EGI Eguna. Aurten, Mundaka aukeratu dute egun hori ospatzeko. Urteroko jai horren helburua, “gazteriaren garrantzia aldarrikatzea da, iritzi sortzaile modura eta gizartearen garapenerako ezinbesteko sektorea den neurrian”, azaldu dute.
12:00etan emango diote hasiera EGI Egunari. Talako pilotalekuan jarriko duten karpa batean egingo dute ekitaldi politikoa. Zuri Dagokizu lelopean, EGIko zortzi kidek hartuko dute hitza. Gazteriaren kezkez ariko dira; emantzipazioa, etxebizitza, berdintasuna edo langabezia, besteak beste. Ondoren, EBBren presidente Andoni Ortuzarrek hartuko du hitza.
13:30ean, berriz, trikipoteoan ariko dira kalez kale. Karpan elkarrekin bazkalduko dute gazteek; 150 gazte inguru batuko dira. Bazkaldu ostean, hainbat jarduera eta joko antolatu dituzte, 19:30era arte. Ondoren, bertso poteoa hasiko dute herritik.
Taldeka banatuta, herriko taberna ezberdinetan afaldu ostean, 22:30ean I am basque fest jaiari hasiera emango diote pilotalekuko karpan.