Lasterketan parte hartzen dutenak 09:30ean irtengo dira Ereñoko Arita Berri jatetxetik.
Horiek honako ibilbidea egin beharko dute: Arita-Berri, Arrupe, Mendibil, Anbeko Koba, Ereñoko Arizti, Geranda, Potoko Lezia, Mendi Txiki, Mendi Andiko, Galarregi, Bustarrigane, Gabika, Ibarrondo, Oma, Omako baso margotua, Kurtxiagana, Zabalotegi, Eleixu, Ereñozar, Taberna Zarre, eta Elexalde. 19 kilometroko lasterketa izango da.
Martxa luzeak ere lasterketaren ibilbide bera edukiko du, eta partaideak 08:30ean irtengo dira Arita Berri jatetxetik.
Bestalde, martxa laburra 11 kilometrokoa izango da, eta parte hartzaileak 10:00etan abiatuko dira Elexalde auzotik. Handik Ereñoko ariztira igaroko dira, eta ondoren, Geranda, Potoko leizea, Mendi Txiki, Gabika, Zabalotegi eta Eleixutik barrena ibiliko dira, eta hasitako leku berean amaituko dute ibilbidea.
Aurretiko izen ematea
Aurretik izena emateko azken eguna apirilaren 2a da.
urdaibaikopa.arrolape.com edota
www.urdaibaikopa.eus helbideetan eman behar da izena. Halaber, webgune horietan eta
http://erenomendimartxa.blogspot.com.es helbidean dago martxaren eta lasterketaren inguruko informazio guztia.
Martxetan parte hartzeko 10 euro ordaindu behar dira. Ezarritako muga (400 pertsonakoa) beteta ez badago, egunean bertan ere izena eman ahalko da, 14 euro ordainduta.
Bestalde, lasterketan parte hartu gura duten federatuek 12 euro ordaindu behar dituzte, eta federatuta ez daudenek, berriz, 14 euro. 200 pertsonak egin ahalko dute lasterketa, beraz, aurretik izena eman dutenen kopurua txikiagoa bada, egunean bertan ere izena eman ahalko da, 17 euro ordainduta.
Hurrengo lasterketa maiatzean
Martxoaren 6an Ibarrurin (Muxika) lehiatu zuten Urdaibai Kopako lehen lasterketa, eta Zuriñe Frutos eta Imanol Goñi nagusitu ziren. Beraz, horiek dira sailkapeneko buru. Gizonezkoetan, Joanes Goitisolo da bigarrena, eta Aitor Uriarte hirugarrena. Emakumezkoetan, Irantzu Onaindia eta Leire Monasterio daude sailkapenean bigarren eta hirugarren, hurrenez hurren.
Bost lasterketak osatzen dute Urdaibai Kopa. Ereñokoaren ostean, hurrengoa maiatzaren 8an izango da, Gernika-Lumon. Gero, irailean egingo dituzte azkenengo biak. Gautegiz-Arteagakoa irailaren 11an izango da, eta Forukoa, ostera, irailaren 25ean.