Sahararrena ahaztutako gatazka da. Hala dio Xabier Onaindia medikuak. Ajangiztarra bera, urteak daramatza Aljeriara bidaiatzen, sahararren kanpamenduetara. Mundu Bat Gobernuz Kanpoko Erakundearekin kolaboratzen du, eta Aljeriatik etorri berri da.
Mediku kontsulta, Aljeriako kanpalekuetan
Azken urteetan sahararren egoera eta bizi baldintzak ezer gutxi aldatu direla dio. Tindufeko Auser kanpamenduan izan da. 150.000 lagun daude han, eta hango bizi baldintza prekarioak aipatu ditu. Medikua izanik, hango ospitalearen egoera eskasa aipatu du : «Osasun arazoak artatzeko ospitaleak oso sinpleak dira». Hala ere, oro har egunerokotasunean dituzten gabeziak eta arazoak ere asko direla dio. «Elikagaiak murritzak dira, eta nazioarteko laguntzetatik bizi dira; Gobernuz Kanpoko Erakundeek eramaten dizkiete jatekoak». Sahararrena elikadura nahiko sinplea dela ere aipatu du: «kipula, patata, dilistak, tomatea… Okela jan nahi badute han dituzten dendetan erosi behar dute, eta oso garestia da. Gamelu haragia edo behiarena beraientzat oso garestia da».
Elikagaiak murritzak dira, eta nazioarteko laguntzetatik bizi dira”
Diabetes kasuak aso direla azaldu du Onaindiak, baita zelikoenak ere, eta herrialde garatuetan kontrolpean dauden zenbait gaixotasun han arriskutsuak direla azpimarratu du: «Erditzea, adibidez, oso arriskutsua da sahararren kanpamenduetan. Anemiak jota heltzen dira emakumeak erditzera, eta arriskutsua da beraien osasunarentzat. Gainera, umeak ahul jaiotzen dira, eta haur jaio berrien hilkortasun tasa handia da gaur egun oraindik».
25 urtera berdin
Egoera horretan sahararrak etsita daudela dio Onaindiak, eta gatazkari irtenbidea emateko itxaropena ere galdu dutela askok. «Fronte Polisariokoak adinean gero eta nagusiagoak dira, eta konfiantza galduta dute. Askok diote bakea sinatzea hanka sartze bat izan zela».
Autodeterminaziorako erreferenduma egingo zutelakoan onartu zuten bakea sinatzea. 1991. urtean Mendebaldeko Saharan erreferenduma egiteko misioa sortu zuen Nazio Batuen Erakundeak (MINURSO). Hori sortzeko erabakia hartu zutela 25 urte beteko dira apirilaren 29an. Hala ere, sahararrek beraien etorkizuna erabakitzeko aukerarik ez dute izan oraindik. «Fronte Polisarioa eta herritarrak etsituta daude, ez dute irtenbiderik ikusten. Hainbeste urteren ostean beraien kultura galduta dute». Ikasketak burutzeko ere 12 urtetik gorakoek kanpora joan behar izaten dute. Kubara doaz gehienak.
Askok diote bakea sinatzea hanka sartze bat izan zela”
Duela gutxi Saharara bisita egin du NBEko idazkari orokor Ban Ki-Moonek, agintean izan denetik lehenengoz. Aaiunera joan nahi zuen, baina ezin izan zituen lurralde okupatuetara heldu. Arrazoiak arrazoi, ez Maroko ez sahararrak ez dira kontent geratu NBEko idazkariaren bisitarekin; «argazkia ateratzera besterik ez da joan», dio Onaindiak.
Itxaropena galduta dute,baina Marokori aurre egiteko berriro gatazkan sartzea arrikutsua litzatekeela ikusten dute sahararrek, «gaur egun babesa ematen dioten herrialde eta GKEk alde egingo zutelako». Bitartean, baina, gazteen artean borrokatzeko grina pizten ari dela esan du, eta askok Malira alde egin dutela borrokatzera; «horrek ere kezka sortu du kanpalekuetan».
Auserreko ospitalearen kanpoaldea
Elkartasuna, beharrezkoa
Egoera onartezina dela uste du ajangiztarrak, eta Afrikan geratzen den azken kolonia dela dio. «Maroko ez, Afrikako beste herrialde denek aitortzen diote Saharari autodeterminazio eta independentziarako eskubidea, baita Nazio Batuen Erakundeak biltzen dituen 90 herrialde inguruk ere». Baina Marokoren presioa handia da. «Etorkinen joan-etorrian muga da Maroko, eta herrialde errepresiboa da, gainera. Beraz, inmigrazioaren aurrean tapoi antzeko bat egiten die Europar Batasuneko herrialdeei». Bestalde, Mendebaldeko Saharako arrantza bankua ere Marokok eta Espainiak kontrolatzen dute, diru iturri izanik.
Sahararren egoera konpontzeko urrun, elkartasun kanpainak garrantzitsuak direla dio Onaindiak. Uda sasoian ume sahararrak etxean hartzeari berebiziko garrantzia eman dio medikuak. «Ezin dute bizi 50 gradura. Egunez haimetan sartuta egoten dira, eta gauez ateratzen dira, ezin dutelako lorik egin. Muturreko baldintzak dira horiek, batere osasungarriak». Horregatik da garrantzitsua udako hilabeteetan basamortutik ateratzea, eta deialdi berezi bat egin du Onaindiak: «Familiak animatu nahi ditut Oporrak bakean programan parte hartzera. 2007an 13.000 ume ekarri genituen Espainiar estatura, eta iaz 5.000 bakarrik»