Herritar gehiagoren arreta erakartzeko asmoz, iaz egin modura, aurten ere, Itsaspeko Zinemaren Nazioarteko Zikloa
Arrain Azokako asteburutik ateratzea erabaki dute. Hala,
zapatuan bertan izango da
Nestor Basterretxea aretoan, 11:30etik 13:00etara.
Arrain Azokaren helburua denboran zehar zabaltzea dela azaldu du Bermeoko alkate Idurre Bidegurenek, «eta ez asteburu batera mugatzea, eskas geratzen baita». Modu horretan, maiatzeko azoka girotzen hasiko dira zapatuan, Itsaspeko Zinemaren Nazioarteko Zikloagaz. Arrain Azoka Elkarteak eta Actividades Subacuaticas Real Sociedad de Futbol elkarteak antolatzen duten zinema zikloak itsaspeko zinemaren
«kalitatezko filmak» eskaintzen ditu.
Lau film jarriko dituzte ikusgai: Takeaway Films-en
Ruta Molucas, Daniel Rodriguezen
El mar de la vida, Rafa Herreroren
Liquid Mirror eta David Sanchezen
Motivos para bucear en el Cantábrico. Amaitzerakoan, antolatzaileek filmei buruzko zehaztasunak eskainiko dituzte.
Serrats kontserberak hartu zuen iaz Hegaluze Saria
Bestalde, gogorarazi dutenez,
zabalik da XX. Hegaluze sarirako proposamenak aurkezteko epea. Itsuki Irratiak antolatzen du Hegaluze saria, Arrain Azoka Elkartearen babesagaz.
Sari horren bitartez,
ekintza puntual bat edo jarraipen profesional bat saritu gura da, eta «Bermeoren izena zabaldu eta goratu duenari edota herriaren alde lan egin duenari» ematen diote. Urtero herritarrek egiten dituzten proposamenetatik aukeratzen dute irabazlea. Proposamenak egin gura dituztenek orri batean idatzi beharko dute aukeratuaren izen-abizenak, bai eta zergatik aukeratu duten ere. Horiek hiru modutara aurkez daitezke: posta elektronikoz (hegaluze@itsuki-irratia.net), gutunez Itsuki Irratira (Hegaluze Saria, 120 p.k-48370 Bermeo) bidalita, edota Turismo Bulegoan.
Arrain pintxoak
Bestalde, beste urte batez,
pintxo lehiaketa martxan jartzeko asmoa agertu dute. Hala ere, horretarako, gutxienez, herriko 20 tabernek eman beharko dute izena. Interesa duten tabernek, Turismo Bulegoan eman beharko dute izena. Horretarako
azken eguna martxoaren 23a izango da.
Pintxoaren
osagarri nagusia arraina izango da; kontserba izan ezkero, Bermeoko kontserba lantegiek lan egiten duten produktuekin eginda egon beharko da: «Herriko produktua kontsumitzea dugulako helburu», azaldu du Bego Gangoiti turismo teknikariak.
Iazko lehiaketara aurkeztutako pintxoak
Lehiaketara aurkezten diren pintxoak salgai egon beharko dituzte apirilaren 16, 17, 23, 24 eta 30ean eta maiatzaren 1, 7, 8, 14 eta 15ean (asteburuak). Pintxo horiek, gutxienez, 12:00etatik 14:30era egon beharko dira eskuragai.
Proposamenetara zabalik
Azkenik, Arrain Azoka iragarriko duen
kartel lehiaketa ere martxan dagoela gogorarazi dute; lanok aurkezteko
azken eguna apirilaren 5a izango da.
Bermeoko alkateak azaldu duenez, «ekimen guzti hauekin arrain
azoka parte hartzaileago bat lortu nahi da, hau da, herritarrek Arrain Azokan parte hartzeko hainbat aukera izatea eta Arrain azokaren parte sentitzea». Era berean, Arrain Azokarako proposamenak egin gura dituzten herritarrek ere, horretarako aukera dutela esan du turismo teknikariak, «betiere, bideragarriak badira».