Bizkaiko saskibaloiaren jaialdia ospatuko dute etzi, Bilbon
'All Star Day' izena jarri diote ospakizunari.
Partida bakoitza ikusteko sei euro ordaindu behar dira, baina, Bilbao Basqueteko bazkide eta abonatuentzat hiru eurotan daude salgai. Bestalde, bi partidentzako bonu merkeenak 12 euro balio ditu (jarlekuaren araberako prezioak daude).
Sarrerak Bilbao Basquet taldearen webgunean eta Bizkaiko Reta dendetan eskuratu daitezke. Halaber, zapatuan bertan ere txarteldegian erosteko aukera egongo da.
Bizkaiko saskibaloiaren jaialdian zaleei ikuskizuna eskaintzera kantxaratuko dira lau taldeak. Gerardo Candina Gernika KESB-eko presidentearen berbetan, Gernika Bizkaia ahalik eta ikuskizun “handiena” ematen saiatuko da. Presidentea horrelako ekimenek emakumezkoen saskibaloia ikustarazteko orduan duten garrantziaz mintzo da: “Lan asko egin behar dugu emakumezkoen saskibaloiak ahalik eta ikusgaitasun handiena izan dezan, eta horregatik, horrelako ekitaldiak oso garrantzitsuak dira”.
Jai giroa
Zapatu arratsaldea jai giroan pasatzeko asmoagaz, saskibaloi partidez gain beste ekitaldi ugari izango dira. Besteak beste, puzgarriak, baloi erraldoi bat edota belaunaldi desberdinen arteko txapelketaz gozatzeko aukera egongo da.
Bizkaiko Saskibaloi Federazioak eta BizkaiaBasket Fundazioak elkarlanean antolaturiko jaialdiak, Bizkaiko Foru Aldundiaren eta Bilboko udalaren laguntza jaso du.