Argazkia: Angel Grande.
17:00etan hasiko da partida, Urbietan.
18. jardunaldiko norgehiagoka hau, denboraldi honetan etxean jokatzen duten azken aurrekoa da. Urbietako denboraldiko azken partida Barcelonaren kontra jokatuko dute, 21. jardunaldian.
Izan ere, asteburuko jardunaldia kontuan hartuta, Ohorezko mailako taldeei bost jardunaldi gelditzen zaizkie 2015-2016 denboraldia amaitzeko.
Gaur gaurkoz Gernika Rugby taldea sailkapeneko hamargarrena da, 24 puntugaz. Atzetik Hernani eta Pozuelo ditu, 22 eta 16 puntugaz, hurrenez hurren.
VRAC Quesos Entrepinares liderrak 73 puntu pilatu ditu orain arte, eta hamar puntu gutxiago ditu SilverStorm El Salvador bigarrenak. Hurrengo hiru taldeek oso alde estua dute. Complutense Cisneros dago hirugarren 58 puntugaz, puntu bat gutxiago du UE Santboianak, eta 56 puntu ditu Bathco Rugby Santardergo (Kantabria, Espainia) taldeak.
Jostailu eta arropa bilketa
Bestalde, Gernika Rugby taldeak jostailu eta arropa bilketa egingo du Urbietan, zapatu arratsaldean. Gabonetako oporraldian egin zuten arropa bilketak erantzun “itzela” izan zuela ikusita, asteburu honetan ere esperientzia errepikatzea erabaki zuten. Bizkaiko Caritasegaz elkarlanean prestatu dute egitasmoa, eta erakunde horrek izango du bildutakoa beharrizana dutenen artean banatzeko ardura.
“Lagundu gura dutenek Urbietara eroan behar dituzte jostailu eta arropak, eta sarreran esango diete non eta zelan utzi. Basurde tabernan ere utzi litezke gura izanez gero”, azaldu dute Gernika Rugby taldekoek.
Nesken entrenamendua
Ohorezko mailako partidaren ostean, sortu berri den nesken taldearen entrenamendua egongo da Urbietan. 18:30etatik aurrera ariko dira entrenatzen, eta haiekin entrenatzera joateko deia luzatu dute: “Ez zaitez etxean geratu, etorri kirol hau ezagutzera eta lagun berriak egitera”. Taldea osatzen ari dira, eta ahalik eta neska gehien animatzea gura dute.