Elexalde eta Mendaturri arteko paseoa egokituko dute. Argazkia Endika Urlezaga
Herri kohesioaren alde egiteko
736.363 euroko aurrekontua onartu du
Mendatako udalak, urte honeterako.
Inbertsioak
azpiegituretan eta dinamizazio sozio-kulturaletan egingo dira. Mendatarren bizi kalitatea hobetu behar duten zerbitzuetara bideratuz eta bizitza sozio-kulturala dinamizatzeko estrategiak mantenduz. Horretarako aurrekontuaren
%30a (203.363,43 euro) inbertsioetara bideratuko da.
«Herriko bizi kalitatea hobetzearen aldeko kudeaketa egiten dugu», azaltzen du herriko alkateak, Joseba Malleak. «Gure planteamendu ekonomikoak Mendata hobetzeko eta herriko auzoen arteko kohesioa bideratzeko zenbait inbertsio aurreikusi ditugu», gehitzen du alkateak.
Egingo diren inbertsioen artean,
Elexalde eta Mendaturri arteko paseoa egokitzeko
188.363,48 euroko partida nabarmentzen da.
Partida honekin lanaren bigarren faseari ekingo zaio. Egingo diren lanek auzo biak batzen dituen oinezkoentzako bidean zoladura jartzea aurreikusten du udalak.
BI-3222 errepidearen paralelo doan bideak ekipamendu osoa izango du: atsedenerako gunea, hondakinen bilketa selektiborako edukiontziak, edateko ur sarea, kale argiztatzea eta saneamendua barne.
«Bide segurtasuna indartu eta paseo honetan zerbitzuak ezartzea, aisialdi osasuntsua sustatzea», da udal gobernuaren helburua, alkatearen esanetan.
Artapeko umeen parkea atontzeko asmoa dago aurrekontuetan, horretarako
15.000 euro inbertituko dira, denboraren poderioz hondatzen joan den ekipamendua konpontzeko.
Herriko dinamizazio sozio-kulturala indartzeko, udalak 50.000 euro bideratuko ditu, ekintza kulturalak, herriaren ohiturei lotutako ekitaldiak, inguru naturalak balorean jartzen dituzten kirol jarduerak edo herrian sendotutako aktibitate solidarioak balorean jartzeko.
Herriko kirol eta kultur elkarteei zuzendutako diru laguntzak ere mantenduko dira.
Bestalde, aurrekontuek Gernika-Lumon erroldatuta ez dauden eta Santanape kiroldegiko erabiltzaileek, Segundo Olaeta Musika Eskolako ikasleek eta eta euskara Aita Villasante euskaltegian ikasten dutenek
gehigarria ordaintzeko diru laguntzak mantenduko ditu udalak.