HITZA egunkariaren 110 ale banatuko ditu Bermeoko Udalak leku publikoetan
Beste urte batez, Bermeoko Udalak LEA-ARTIBAI, MUTRIKU ETA BUSTURIALDEKO HITZA egunkaria banatzen jarraituko du, herriko leku publikoetan; aurten, hain zuzen ere, 110 ale banatuko dituztela azaldu dute. Euskara eta euskal komunikabideak sustatzeko eta herritarren artean euskaraz irakurtzeko ohitura zabaldu gura du udalak. Hala, udalak eta HITZA egunkariak hitzarmen bat sinatu dute.
Horren berri emateko prentsaurrekoa egin dute goizean; Juan Karlos Agirre Euskara Saileko zinegotzia, Maite Alvarez euskara teknikaria eta LEA-ARTIBAI, MUTRIKU ETA BUSTURIALDEKO HITZAren zuzendari Larraitz Ibaibarriaga egon dira horretan.
Euskara zinegotziak hitzarmenaren garrantzia nabarmendu du: “HITZAk herritarrei hurbileko informazioa euskaraz irakurtzeko aukera eskaintzen die, eta gure helburuetako bat bermeotarren artean euskaraz irakurtzeko ohitura zabaltzea da”.
Euskara teknikariak, bestalde, euskararen normalizaziorako bidean mota honetako ekimenek duten garrantzia aipatu du, “beharrezkoak” direla aipatuta. Hala, beste behin ere, itxaron gelak dituzten hainbat leku aukeratu dituzte egunkariak banatzeko (ileapaindegiak, estetika zentroak, aseguru etxeak, optikak…). Bestalde, azken urteetan egin modura, Bermeoko udal eraikin guztietan egongo da egunkaria herritarren eskura; bai eta, zenbait tabernetan ere. Bermeoko osasun etxean era HITZA egunkariaren aleak banatzea erabaki du Bermeoko Udalak. Alvarezen arabera, “guretzako ezinbestekoa baita osasun etxera doazen herritarrek euskarazko albisteak irakurtzeko aukera izatea”. Hala ere, Osakidetzaren parte hartzea eskatu dute.
Egunkariaren zuzendariak, bere aldetik, Bermeoko Udala eskertu du, produktua zabaltzen laguntzeagatik, “eta bidelagunak izatea” garrantzitsua dela nabarmendu du. Bestalde, harpidetzak egitearen garrantzia gogorarazi gura izan du: “Azken boladan aurrerapauso handiak eman dira webgunean, sare sozialetan eta aplikazio bat ere badaukagu. Hala ere, paperekoa eta internetekoa osagarriak dira. Gure euskarria, baina, papereko HITZA da. Hori barik, internetekoa ez litzateke posible izango. Beraz, jendea animatu gura dugu harpidedun egitera, eurak barik HITZA ezingo litzateke sostengatu”.