Bizkaiko Foru Aldundiko Iraunkortasuna eta Ingurune Naturala Zaintzeko Sailagaz lortu dute akordioa bi udalerriek.
Etxeko hondakin txikiak berrerabiltzeko prestatzeko zerbitzua Garbiker SA foru-sozietate publikoaren bidez emango du Aldundiak. Jakitera eman dutenez, udalerri bakoitzeko biztanle kopuruaren araberakoa izango da bilketaren maiztasuna.
Honako hondakin hauek jasoko dituzte gero berrerabili ahal izateko: Arropak, oinetakoak, osagarriak, liburuak, jostailuak, bazarreko produktuak eta aparatu elektriko eta elektroniko txikiak. Hain zuzen ere, aparatu elektriko eta elektronikoei dagokionez, hauek bakarrik bilduko dituzte: Etxetresna elektriko txikiak, informatikako eta telekomunikazioetako ekipamenduak, kontsumo-aparatu elektrikoak, luminariak (lanpara eta fluorargiak izan ezik), erreminta elektriko eta elektronikoak, kirol edo aisialdirako ekipamenduak eta zaintza edo kontrolerako aparatuak.
Bizkaiko Foru Aldundiak iraunkortasunaren aldeko apustua egin du hiri-hondakinen kudeaketan, eta hondakin horietan dauden baliabideak “ahalik eta gehien aprobetxatu” nahi ditu.
Udalerriak beharrezko edukiontzirik ez badauka, edukiontziak jarriko dituzte kalean. Edukiontzien mantentze lanak ere egingo dituzte, eta beharrezkoa bada berriagoengatik ordezkatuko dituzte.
Halaber, hondakinak instalazio espezifikoetara eramateko bildu eta garraiatuko dituzte, eta, ondoren, hondakinak sailkatu eta tratatuko dituzte berrerabili ahal izateko, “betiere ingurumena modu iraunkor eta ekologikoan zainduz eta errespetatuz”.
Zerbitzu honen inguruko zalantzak argitzeko, herritarrek telefono zenbaki honetara deitu dezakete: 902 540 154. Era berean, helbide elektroniko hau ere jarri dute:
ingurumenabizkaia@koopera.org.
Bilketak:
- Busturia: Hamabost egunean behin egingo dute bilketa, lau edukiontzitan: Bi Axpe auzoan, eta bana San Kristobal eta Altamira auzoetan.
- Ea: Ekainaren 1etik irailaren 30era, hamabost egunean behin egingo da bilketa, eta, neguan, berriz, hilean behin. Edukiontzia Bidebarri Kalea-Zubian egongo da.