Argazkia: Txebi Arriaga.
Malosten partida bikaina jokatuta, nagusitasunez jardun zuen talde gernikarrak, herenegun. Indartsu kantxaratu ziren Gernika Bizkaiako jokalariak, eta egindako talde-lan bikainak jokalari bakoitzaren dohainak agerian utzi zituen.
Lehen laurdena nahiko berdinduta jokatu zuten. Erritmo bizia ezarri zuten etxekoek, eta aurkaria eusten asmatu zuen.
Batik bat kanpoko jokaldi eta jaurtiketetan nagusi zen Gernika Bizkaia. Hala, 17-16 amaitu zuten lehen laurdena. Bigarren laurdenean ere antzera aritu ziren bi taldeak, eta ondorioz, bien arteko aldea estua zen (38-31).
Atsedenaldiaren ostean, bi taldeen arteko joko-erritmoan aldaketa igarri zen. Aurkaria ez zen etxekoen erritmoa segitzeko gai, eta gernikarrek ondo aprobetxatu zuten hori. Conquero taldeko izarrak, Elonuk ia ez zuen jokatzeko aukerarik, eta talde andaluziarrak gogor ordaindu zuen.
“Taldearen indarra”
Partidaren amaieran, egindako lanagaz “pozik” zegoen Mario Lopez Gernika Bizkaiako entrenatzailea:”Emaitzagaz oso pozik nago, baita taldearen jarreragaz ere. Diziplinatuta aritu gara, eta jokatzerakoan irizpidez jardun dugu. Talde guztia egon da kontzentratuta, eta taldearen indarra azpimarratzekoa da”.
Emakumezkoen Ligako 2015-2015 denboraldia amaitzeko hiru jardunaldi falta dira, eta talde gernikarra sailkapeneko seigarrena da, 36 puntugaz. Cadi La Seu bosgarrena puntu bakarrera dauka.
Gaur gaurkoz Perfumerias Avenida da liderra, 45 puntugaz, eta Conquero bigarrenak 41 puntu ditu. Mann-Filter eta Spar Citylift Girona 38 puntugaz berdinduta daude.
Argazkia: Txebi Arriaga.