Parte hartzaileak martxaren hasieran. Argazkia: Haitz Biribil elkartea.
68 gizonezko eta lau emakumezko animatu ziren bizikleta hartu, eta goiz pasa 25 kilometroko ibilbidea egitera. Azkarrenak ordu bete eta 54 segundotan burutu zuen martxa. Beste parte hartzaile gehienek, ostera, hiru ordu eta erdian amaitu zuten proba.
Atzokoa Haitz Biribil elkarteak antolatu duen lehenengo BTT martxa izan da, eta emaitzagaz “gustura” dira antolatzaileak. Hala, datorren urtean ere egingo dutela aurreratu dute.
Estreinako egin duten martxa, zailtasun erdi-altukoa izan da, eta antolatzaileen berbetan, laburra baina nahiko “gogorra”.
Ibilbidearen hasieran Foruko auzoak zeharkatu ostean, Gernika-Lumora joan, eta Aixerrota ondotik pasatu ziren. Handik Errigoitirako bidea hartu, eta Gañaga eta Magalla mendateak igo zituzten. Errigoititik Foruko Baldatika auzora heldu, eta indarberritzeko anoa postu bat izan zuten zain, jan-edanagaz. Gero, Busturian, Mallukura igo, eta handik Foruko haitzetara joan ziren. Ondoren, udalerriko harrobitik jaitsi, eta Haitz Biribil elkartean hamaiketakoa janez amaitu zuten.