
Urdaibaiko arraunlariak iaz, Kontxako bandera astintzen.
Ekainaren 19an, Guadalquivir ibaian lehiatuko dute
IV. Euskadi-Basque Country Bandera. 12:00etan hasita, hamabi traineru ariko dira nor baino nor gehiago: Urdaibai, Astillero, Cabo, Hondarribia, Kaiku, Orio, Portugalete, San Juan, San Pedro, Tiran, Zumaia eta Zierbena.
Irteerako eta helmugako balizak
Trianatik gertu dagoen
La Cartujako Pasarelan egokituko dira; kanpoko balizak ordea,
La Barquetako zubian kokatuko dituzte.
Bestalde, banku mugikorreko mailan beste estropada hauek lehiatuko dituzte:
Espainiako Txapelketak,
Munduko eta Europako banku mugikorreko Txapelketa, eta
Sevilla-Betis estropada.
Edizio berri honen berezitasunetako bat estropada gauzatuko den modua izango da. Hamabi traineruak hiru txandetan banatuko dira, txanda bakoitzean lau talde. Baina binakako erlojupekoetan emango diote irteera, eta ohikoa den moduan, hiru milla nautiko igaroko dituzte lau luze eta hiru maniobratan.
Pedro Andueza TKEko presidentea eman duten pausu berriagaz pozik agertu da: “Estropada honekin arrauna zabaltzea nahi dugu, eta baita gure txapelketa eta, nola ez, klubak ere. Arraun mundua ezaguna den hiri batera goaz, eta nik uste dut jardunaldi honek senidetzeko balioko digula”.
Halaber, Eusko Jaurlaritzari eskerrak eman dizkio azken lau urteetan elkarteari eskainitako konfiantzagatik. “Eusko Jaurlaritzaren Turismo sailari esker Euskadi Basque Country Banderaren laugarren edizioa burutuko dugu, eta aurtengoan Sevilla izango da protagonista. Hiri honekin aspalditik harremanetan gabiltza eta azkenean aurten posible izango da”.

2013an Urdaibai nagusitu zen Bartzelonan.
Turismoa bultzatzen
Euskal Autonomia Erkidegoko turismoa sustatzeko asmoagaz, 2013.urtetik, TKE Ligako klubek Euskal Herritik kanpo ekin diote arraun denboraldiari.
2013an Bartzelonan (Herrialde Katalanak) jokatu zuten Euskadi-Basque Country Bandera, eta Urdaibai nagusitu zen. 2014ean ere leku berean hasi zuten denboraldia, eta Orio gailendu zen. Malagako uretan lehiaturiko iazko denboraldiko lehen estropada, berriz, Hondarribiak irabazi zuen.