HAPO zer den azaltzeko informazio bilera deitu du Foruko Udalak
Foruko Udalak Hiri Antolamendurako Plan Orokorra (HAPO) garatzeko prozesuan aurrera egin gura du. Hala ere, herritar guztiak inplikatu gura ditu proiektuan. Horregatik, martitzenean, martxoaren 5ean, HAPOaren inguruko lehenengo informazio bilera parte hartzailea egingo du. 19:00etan jarri dute hitzordua, udaletxeko batzar aretoan.
HAPO foruarren gaur egungo zein etorkizuneko beharrizanei erantzuteko giltzarria dela diote Foruko Udaletik. Modu horretan, prozesua garatzeko modua “gardena eta parte hartzailea” izatea gura du Foruko alkate Jane Eyre Urkietak. Hori kontuan izanik, ezinbestekoa da herritarrek HAPO bat diseinatzea zer den jakitea eta zertan datzan. Lehen bileran, hortaz, HAPO zer den azalduko die herritarrei, zeintzuk diren horren funtzioak eta helburuak eta nori dagoen zuzenduta.
Prozesua “aberasgarria eta eraginkorra” izateko, garrantzitsua da udalaren arabera, adituen asistentzia teknikoa izatea. Horretarako, HAPO idazten ari den talde teknikoa hurbilduko da Forura, behar diren azalpen guztiak emateko, “eta guztion ideiak eta ekarpenak behar diren moduan lantzeko”.