Horretarako, hainbat neurri hartu dituzte. Esaterako, gauerako langile talde bat jarri dute. Talde horrek, astelehenetik eguenera bitartean, ureztatze lanak egiten ditu, gauez, herriko kaleetan; arkupeak, eskailerak, espaloiak…ureztatzen dituzte. Asteburuetan eta jai egunetan ere ureztatze lanak egiten dituzte, goizez.

Erabiltzen hasi diren hidrogarbigailua
Bestalde, hidrogailu bat ere martxan jarri dutela azaldu dute. Makina horren bitartez kaleetan garbiketa sakonak egin daitezke: «zikinkeri guztia eta lirdinga kentzen ditu». Erreten parkea, Atalde, Lamera eta Alde Zaharreko toki ezberdinak garbitu dituzte dagoeneko.
Bermeoko Udaletik adierazi dutenez, «makina oso eraginkorra da garbiketa lanak egiteko eta gure herriko gune ezberdinak txukun gelditzeko». Ildo berean, jakinarazi dutenez, garbiketa lan bereziak ere egin dituzte; sasiak kendu, belarrak ebaki, zuhaitzen inausketak…Hain zuzen ere, futbol zelaiaren eta haurreskolaren inguruan eta Baztarreko beheko aldean egin dituzte aipatu lan horiek. Lanok Bermeo garbi-garbi kanpainaren baitan egin dituztela azaldu dute: «Erronka garrantzitsua da herria garbi mantentzea, eta udaletik ahalegin bereziak egiten ari gara».

Torronteroko jarlekuak konponduta
Bestalde, zenbait hobekuntza ere egiten ari direla nabarmendu dute. Hala, Torronteroko jarlekuak berritu egin dituzte: «Egoera txarrean zeuden, kaltetuta, eta berritzeko beharra ikusi dugu». Horietan, hortaz, material berezi bat erabili dute osatzeko eta berritzeko.
Zenbait udal eraikinetan ere hobekuntza lanak egiten ari direla jakinarazi dute. Esaterako, Nestor Basterretxea aretoan eta Udal Musika Eskolan teilatua hobetzeko lanak, hezetasunak kentzeko lanak, margotze lanak eta argindar lanak egiten ari direla zehaztu dute.