61 pertsonak izena eman dute I. Forutik Forura BTT Martxan
Domekan egingo dute proba
Domekan bertan ere izena emateko aukera egongo da, 8:30etatik aurrera. Domekan izena emanez gero, 20 euro ordaindu behar dira.
Haitz Biribil elkartetik jakitera eman dutenez, zailtasun maila erdi-altukoa da martxa.
Partaideek 25 kilometroko ibilbidea egingo dute, eta 950 metroko desnibelari aurre egin beharko diote. “Laburra da, baina, nahiko gogorra; mendi bide asko ditu, pistetatik ere igaroko dira, eta asfalto gutxi du ibilbideak”.
09:30ean elkartuko dira Haitz Biribil elkartearen txokoan. Bertatik denak batera joango dira AEK-ren barnetegi parera, eta handik ekingo diote probari.
Ibilbidearen hasieran Foruko auzoak zeharkatu ostean, Gernika-Lumora joango dira. Aixerrota ondotik pasatu, eta Errigoitirako bidea hartuko dute. Bertan, Gañaga eta Magalla mendateak igoko dituzte. Azken hori da martxako mendaterik altuena, 403 metrotara dago. Errigoititik Foruko Baldatika auzora helduko dira, eta han anoa postu bat izango dute, jan-edanagaz.
Indarberritu ostean, Busturian, Mallukura igo, eta handik Foruko haitzetara pasatuko dira. Ondoren, udalerriko harrobitik jaitsi, eta Haitz Biribil elkartean amaituko dute ibilaldia. Helmugan hamaiketakoa izango dute zain.