Goizean Zallan jokatu duten finalaurrekoa. Argazkia: Bizkaiko Bertsozale Elkartea.
Hilaren 18an Bilboko Kafe Antzokian lehiatuko dira bi eskualdeetako ordezkariak. 19:00etan hasiko da finala, eta sarrera doakoa da. Horregatik antolatzaileek bertsozale bizkaitarrei finalera joateko deia egin diete.
Goizean Zallako Zine Antzokian egin dute BBK Sariketaren bigarren finalaurrekoa. Hego Uribe eta Uribe Kosta izan dira aurrez aurre.
Aurreko astean Busturialdearen eta Durangaldearen arteko finalaurrekoan bezala, gaurkoan ere lehia estua egon da bi taldeen artean, eta biek lortutako puntuazioak dira horren erakusle. Izan ere, Hego Uribek 419 puntu eskuratu ditu, eta Uribe Kostak, berriz, 411 puntu.
18 urtetik beherakoetan Ander Anakabek, Enare Muniategik eta Iker Garitagoitiak osatu dute Hego Uribeko taldea. Eta datorren astean horiek izango dira Busturialdeko bertsolari gaztetxoen aurkariak. Uribe Kostatik, berriz, honako hiru bertsolariek kantatu dute adin txikikoen mailan: Eneko Elordui, Aritz Landeta eta Naroa Torralba.
Bestalde, 19 eta 24 urte bitartekoen atalean, Hego Uribetik Txaber Ormazabal, Andere Molinuevo eta Peio Molinuevo aritu dira bertsotan. Uribe Kostako taldea, berriz, Unai Mendiburuk, Paule Loizagak eta Peio Arondok osatu dute.