Haurren sexualitateari buruz ariko dira barikuan, Bermeon
Bermesex udal zerbitzuaren arduradun Igor Erauzkin sexologoak Haurren sexualitateaz hitz egiten: ulertu, laguntzeko hitzaldia eskainiko du, barikuan. Interesa dutenek, Goiko Plazako Kabidxe gune sozialera hurbildu beharko dute, 19:00etan.
Erauzkinek azaldutakoaren arabera, barikuko hitzaldi horretan, lehenik eta behin sexualitateaz ulertzen denari buruz hausnartuko dute: «Horren bitartez, haurrek beraien sexu identitatea, mutil eta neska sentitzeko modu anitzak (intersexualiatearen errealitatea definitzea), desioaren sexu orientazioa nola ulertzen diren eta nola lagundu daitekeen hausnartzeko aukera izango dute bertaratutako guztiek».
Era berean, haurrek euren gorputza ezagutzerako prozesu horretan helduek horiek ulertzeko dituzten zenbait egoera ere jorratuko dituztela adierazi du Erauzkinek. Hortaz, beraien gorputzekin harremantzeko orduan zelan lagundu ahal zaien ikasteko aukera ere edukiko dute parte hartzaileek.
Bestalde, Erauzkinen esanetan, atxikimenduez ere hitz egingo dute barikuan: «Hau da, haurrek eta etorkizunean izango diren helduen maitatzeko eta maitatuak izateko ereduak nola eraikitzen diren ezagutu ahal izango dute».