Agazkia: Ibarruriko Mendi Martxa.
Arrolape Mendi Klubeko kideak bikain aritu dira Urdaibai Kopako lehen proban.
22 kilometroko ibilbidea ordu bete, 40 minutu eta 28 segundoan burutu zuen irabazleak. Haren atzetik, segituan heldu zen Joanes Goitisolo. Minutu bat eta 24 segundoko aldea baino ez zen egon lehenengo bi korrikalarien artean. Aitor Uriarte sailkatu zen hirugarren, ordu bete, 48 minutu eta 46 segunduko denboragaz.
Bestalde, emakumezkoetan Zuriñe Frutos izan zen azkarrena. Bi ordu, 15 minutu eta 30 segundutan egin zuen ibibidea. Irantzu Onaindia izan zen bigarrena, bi ordu, 29 minutu eta 27 segunduko denboragaz, eta haregaz batera heldu zen Leire Monasterio; Onaindiarengandik hamasei segundu eskasera sartu zen helmugan.
Atzokoan 110 partaidek egin zuten mendi lasterketa, 95 gizonezkok eta 15 emakumek. Hain zuzen ere, iazkoagaz alderatuta, bost emakume gehiago lehiatu ziren. Urtetik urtera gero eta emakume gehiago animatzen dira dortsala jarri, eta lasterketak lehiatzera eta hori albiste pozgarria dela nabarmendu dute, bai Ibarruriko mendi martxako eta baita Urdaibai Kopako antolatzaileek ere.
“Eguraldi txarrari aurpegi ona”
Argazkia: Ibarruriko Mendi Martxa.
Lasterketatik aparte 215 lagunek parte hartu zuten mendi martxan. Euria, haizea, elurra, hotza eta lokatza izan zituzten bidelagun ibilbide osoan zehar, eta horrek proba asko gogortu bazuen ere, parte hartzaileak ez ziren kikildu.
Antolatzaileen berbetan, eguraldi txarrari “aurpegi ona” ipini zioten partaide zein laguntzaileek. “Eguraldi eskasa egin arren bai martxan eta baita lasterketan ere parte hartze polita eduki dugu. Zaletasuna dagoen seinale nabarmena”.
Martxa luzekoek 22 kilometro egin zituzten, eta laburrekoek, ostera, 15 kilometroko ibilaldia burutu zuten.
Urdaibai Kopako hurrengo probak:
- Apirilak 10: Ereño
- Maiatzak 29: Gernika-Lumo
- Irailak 11: Gautegiz-Arteaga
- Irailak 25: Foru