Espainiako Auzitegi Nazionalean gaur egindako auzi saioan egin du eskaera Fiskalak. Hain zuzen ere, 1997an Guggenheimen aurkako erasoan ustez Espainiako Errege ohia hiltzen saiatzeagatik epaitzen ari dira Eneko Goieskoetxea busturiarra.
Eneko Goieaskoetxea, otsailaren 11kako saioan
Epaiketa hasi aurretik, fiskalak 95 urteko zigor eskaera egin zuen Goieaskoetxearentzat. Orain, baina, 9 urte murriztu du busturiarraren aurkako eskaera, ez baitio talde armatuko kide izatea leporatu; izan ere, dagoeneko delitu horregatik epaitua izan baita. Hala, 86 urte eta 5 hilabeteko kartzela zigorra eskatu du gaur, Goieaskoetxearentzat.
Besteak beste, Koroaren aurkako delitua, ustez Txema Agirre ertzaina hil izana eta gerra-armak edukitzea leporatu dio Ministerio Publikoak.
Auzipetuaren abokatu Jone Goirizelaiak, bestalde, absoluzioa eskatu du; haren arabera, ez baita frogatu Goieaskoetxeak atentatuan parte hartu zuenik. Auzitegiak kontrakoa baderitzo, zigorrak txikiagoak izan daitezen eskatu du, “atentatuaren helburua Guggenheim Museoa zelakoan, eta ez Espainiako errege ohia”.
Otsailaren 11n egin zuten epaiketaren
lehenengo saioa. Espainiako errege ohia hiltzen saiatu izana ukatu zuen Goieaskoetxeak.