Gernikako merkatari elkarteak eta Bermeoko Berton elkarteak antolatuta, udazken-negu denboraldiko arropak prezio merkean eskuratzeko aukera dute gaur Busturialdeko bizilagunek.
Gernika-Lumoko Jai Alai frontoian atzo zabaldu zuten outlet-a, eta gaur ere egun guztian egongo da erosketak egiteko aukera. 10:00etan hasi eta 14:00ak arte egongo dira, eta bazkalorduko atsedenaldiaren ostean, 16:00etan irekiko dute berriro, 20:00ak arte.
Jai Alain dauden 23 merkatari txikiek kalitatezko produktuz beterik dituzte salmahaiak. Merkatari Elkarteko kudeatzaile Naira Iturbek nabarmendu duenez, kalitatea bermatuta dago: «Produktuek beherapenak izan arren, kalitate oneko salgaiak eskaintzen ari dira dendariak», esan du.
Gainera, erosketak egitera doazenen artean 10 euroko bonoak zotz egingo dituzte, sare sozialetan zein azokan bertan egingo duten galderen jokoan parte hartzen dutenen artean. 18:00etan bi pertsonentzako asteburu bateko egonaldia zozkatuko dute.
Bestalde, atzo arratsaldean egin legez, umeentzako puzgarriak ere jarriko dituzte gaur arratsaldean.
Saldu eta erosi, merke-merke
Herriko merkataritza dinamizatzeko eta sustatzeko egitasmoak Bermeon ere arrakasta izaten du, eta aurten inoiz baino saltoki gehiago bildu dira Taraskan, 23 saltoki hain zuzen ere.
Aurreko astean, otsailaren 27an egitekotan ziren azoka eguraldi txarragatik aste honetara atzeratu zuten. Gaur ere euria gogotik ari du, baina, herritarrek ez dute hutsik egin gura izan. Jendea badabil ikusten zein erosten.
10:00etatik 20:00etara egongo da askotariko arropa, oinetako eta osagarriak eskuratzeko aukera. Besteren artean, ume, gazte, gizon zein andrazkoentzako oinetakoak eta arropak, barruko arropak eta dekorazioa izango dira aukeran. Guztiak ere kaitatezko produktuak, eta prezio “ekonomikoetan”.
Neguko arropak saltzeko ez ezik, azokak herriko dendak herritarrengana hurbiltzeko balio duela azpimarratu dute Berton elkarteko kideek.