Morgako pilotalekua berriztu ostean, gaur arratsaldean inauguratu dute pilota partidekin.
Ekitaldiaren hasieran emakumeen eta gizonen arteko berdintasunaren aldeko mezua irakurri dute. Berdintasun arloan emandako pausoak asko izan arren, oraindik ere, urteko 365 egunetan egin beharreko lana nabarmendu dute. Besteak beste, emakume gazteen, baserritarren edota sexu langileen egoera gogora ekarri gura iza dute.
Aldarrikapenaren ostean, Morgako frontoian estreinako emakumezkoen binakako partida egon da ikusgai, Larrabetzuko Txokoan Emakume Pilotarien elkarteko kideen eskutik.
Gorriz aritu dira Ane Baraiazarra eta Mari Karmen Zubiaur, eta urdin, berriz, Jone Goiri eta Ainhoa Alaiogoikoa. Baraiazarra eta Zubiaur 22-10 nagusitu dira. Garaipen erraza eskuratu dute, baina, gaurkoan emaitza gutxienekoa zen, Morgako pilotalekuaren historian beste orrialde bat idatzi baitute.
Binakako partidaren ostean, buruz burukoa jokatu duten Adrian Lopez larrabetzuarrak (gorriz) eta Beñat Mendia zeanuritarrak (urdinez). Lehenengo tantoak berdinduta hasi ostean, Lopezek aurrea hartu du, baina, azkenean Mendiarentzat izan da garaipena: 22-18.
Amama pelikula
Frontoiko hotzari aurre egiteko, epeletara sartu dira pilota partidak amaitzean. Kultur Etxean Amama pelikulaz gozatu dute, kafe-tertulia ederrean.