Nazio Batuen Erakundearen, euskal instituzioen, gizarte zibilaren eta nazioarteko komunitatearen babesa eskatu du Foro Sozialak bake prozesua bideratzeko.
Bake prozesua indartzea arlo politikotik harago egin behar dela argi dauka Bakerako Foro Sozialak. Instituzioetatik harago, gizarte zibilaren inplikazioa beharrezkotzat jo zuen urtarrilaren 30ean Gernika-Lumon egin zuten
III. Foro Sozialean.
Currin eta Spektorowski, Gernikan egin zuten foro sozialean
Orain, foro hartatik atetarako
ondorioak aurkeztu ditu, eta, besteak beste, Gizarte Foroak 2013ko maiatzaren 27an aurkeztu zituen desegite eta armagabetze prozesu bat diseinatzeko, garatzeko eta bururaino eramateko beharraren inguruan luzatu zituen gomendioak berretsi ditu.
Herritar denen
segurtasuna bermatzea da bake prozesuaren xedea. Helburu horretan, funtsezkotzat jo dute
ETAren armen eta egitura militarren desegiteagaz bukatuko den prozesu kontrolatu, ordenatu eta adostu bat diseinatzea, eta horretarako gomendioa egin dute.
Era berean, prozesu hori zentzuzko denbora tarte batean egin beharko litzatekeela jaso dute ondorioetan, eta, horretarako, prozesu honek hasieratik erakunde erraztaile independenteen esku hartzea eta laguntza izatea gomendatzen du.
Gobernuei eskaera
Gauzak horrela, Gizarte Foroak Nazioarteko Egiaztatze Batzordearen orain arteko lana eskertu du, eta ETAren armen, munizioen eta lehergaien zigilatze eta desegite prozesuaren baitako inbentariatze eta egiaztatze prozesuagaz jarraitzera eta bururaino eramatera animatu du aipatu batzorde hori. Izan ere, Gizarte Foroak dioenez, horrek izan behar du, ETAren armategiaren suntsitzearen bidez, armagabetze osoa emateko lehen urratsa.
Bake bidean, beraz,
armagabetzea ezinbestekoa jo du Foro Sozialak, eta eszenario horretarako
irizpideak ere zerrendatu ditu. Bederatzi gomendio eman ditu, hain zuzen, eta eskaera zehatza egin die Espainiako eta Franziako gobernuei: armen, munizioen eta lehergaien suntsitzeko lana errazteko, edo, behinik behin, ez oztopatzeko, hain zuzen.
Erakundeen egitekoa
Erakunde gehiagoren
konplizitatea ere eskatu du foroak, ondorioen dokumentuan jaso dituenak. Hain zuzen, armen suntsitze prozesuak Nazioarteko Egiaztatze Batzordearen (NEB) gidaritza eta euskal instituzioen, gizarte zibilaren eta nazioarteko komunitatearen babesa ere behar duela deritzo. Prozesu horrek euskal gizarteari, estatuei eta nazioarteko komunitateari segurtasuna eman diezaion,
konpromisoak ere eskatu dituzte. Konpromiso horiek, gainera, instituzioei eskatu dizkiete.
Euskal eta Nafar parlamentuetan Gidaritza edo Egiaztatze Batzordeagaz lotura egiteko mekaniskoak sortzea egokia litzatekeela deritzo foroak, armagabetze eta armen suntsitze prozesuaren jarraipen diskretua egiteko asmoz. Gainera, Ipar Euskal Herriko hautetsiekin ezaugarri berak lituzkeen batzorde bat osatu beharko litzatekeela uste dute.
Halaber, diotenez, egokia litzateke ere Euskal eta Nafar gobernuetik bake prozesua bermatzeko mekanismoak sortzea. Bi lurralde autonomikoek segurtasun eta ordena publikoaren inguruan dituzten eskumenak kontuan harturik, Gizarte Foro Sozialak dio egokia litzatekeela aipatu juridikzioetan armagabetze osoa egiaztatuko luketen tresnak izatea.
Inplikazio hori, baina,
instituzioetatik harago izan beharko zukeela argi du Foro Sozialak, Gernika-Lumon egindako bilkuraren sintesiek jaso zutenekin bat eginez. Hori dela eta, aurretik aipaturiko instituzioen lanak eta gizarte zibil antolatuaren lanak elkartzeko eta lotzeko markoa sortzea gomendatu du. Gizarte Foroak eta berau osatzen duten antolakundeek, bestalde, NEBagaz, instituzioekin eta protagonista diren aktoreekin lan egiteko prestutasuna agertu dute.
Gainera, Gizarte Foro Sozialak uste du Nazioarteko Egiaztatze Batzordeak Europako eta nazioarteko instantziak informatu beharko lituzkeela armagabetzearen eta armen suntsitzearen inguruan.
ETAren konpromisoa
Urtarrilaren 30an Lizeo antzokian egin zuten foroan ere nazioarteko hainbat hizlarik parte hartu zuten; tartean, Harremanetarako Nazioarteko Taldeko kide Brian Currinek. Haren esanetan, bake prozesuak gaur egun blokeo egoera bizi du, azken lau urteetan aurrerapausorik eman ez delako. Espainiako Gobernuak bake bidean urratsik ez emateak ere eragina duela esan zuen. Armagabetze prozesua hasi zuen ETA erakunde armatuak, eta hori egiaztatzeko nazioarteko batzordea ere eratu zuten. Gerora ere, armagabetzearekiko konpromisoa berretsi zuen ETAren ordezkari David Plak. 2015eko abenduan kaleratutako elkarrizketan adierazpenen arabera, inbentariatze eta zigilatze prozesua lehenbailehen burura eramateko borondatea agertu zuen ETAk.
Era berean, armagabetzearen diseinatze partekatuan euskal eragile instituzionalekin, politikoekin eta sozialekin batera lan egiteko borondatea berresten duen ETAren adierazpena ere kontuan hartu du Gizarte Foro Sozialak. Baionako Deklarazioa, Parisko Konferentziaren Deklarazioa eta Eusko Jaularitzak luzatutako armagabetze azkar eta eraginkor baterako prozedura-proposamena ere aintzat hartu dituzte ondorioetan.
Irizpideak
Armagabetzerako zenbait irizpide eman ditu Foro Sozialak:
1. Biztanleriarekiko segurtasuna.
2. Prozesua osorik burutu dadin, armen eta lehergaien kontrola.
3. Ahal den heinean gardentasuna, gizarteari aurrerapausoen berri emanez.
4. Behar baino luzeagoa izan ez dadin, aurrez adosturiko egutegi baten baitan denboran iraunkortasuna duena.
5. Tartean direnentzako ingurune segurua.
6. Mandatu argi bidez prozesuan sartuak diren eragileen zilegitasuna.
7. Zuzenean ukiturikoen onespen eta borondatea.
8. Prozesuaren garapena neutrala izan dadin, nazioarteko gidaritza.
9. Ukitutako gizarte zibilaren parte hartzea.