Beste behin ere, tentsio ugariko osoko bilkura izan zen joan den eguenekoa. 2015eko abenduaren 23ko osoko bilkura bereziak hartutako erabakiaren aurrean, berraztertze errekurtsoa aurkeztu zuen Bermeoko alkate Idurre Bidegurenek. Azalpenak eman ostean, osoko bilkura utzi zuen, besteek bigarren agintaldiko lehen sei hilabeteari dagokion haren
soldataz eztabaidatzeko. Bermeoko alkateak ekainetik abendura bitartean jaso duen soldataren
%15a itzuli beharko duela onartu zuten eguenean, EAJ eta Izartu Bermeoren aldeko botoekin. Guzan abstenitu egin zen eta EH Bilduk aurka bozkatu zuen.
Alkateak osoko bilkura utzita, Benito Ibarrolazak zuzendu zuen udalbatzarra
Abenduko osoko bilkuran, alkatearen liberazioa eztabaidatu eta onartu zuten, EAJ, Izartu Bermeo eta EH Bilduren botoekin. Hala ere, oposizioan dauden EAJ eta Izartu Bermeok zioten ordura arteko
egoera irregularra zela; hori dela eta, agintaldi honetan jaso duen soldata bueltatzeko eskatu zioten alkateari. Nahiz eta «idazkariaren eta kontu hartzailearen txostenek zioten legez kontrakoa zela diru hori bueltatzea».
Era berean, alkatearen eta bi zinegotzi liberatuen soldatak %15 jaistea ere onartu zuten. Hori oinarri hartuta, egueneko osoko bilkuran, abenduko akordio horren atzera eragina onartu zuten, eta alkateak, beraz, soldataren %15a itzultzea onartu zuten.
Jurisprudentzia badago
Erabaki hori hartu aurretik, baina, idazkariak egindako zenbait txostenetan oinarrituta egin duen
berraztertze errekurtsoa aurkeztu zuen Bideguren alkateak. Edozein langile modura epaitegietara jotzeko aukera zuela dio alkateak, «
langile baten eskubideak urratu direlako». Alkate modura, baina, udalaren aurka egitea «gogorra eta desatsegina» dela iritzita, udalaren aurrean berraztertze errekurtsoa jartzeko erabakia hartu zuen. Bi gauza eskatzen zuen alkateak errekurtso horretan, «batetik, soldata bueltatzearen eskaera bertan behera geratzea; eta bestetik, hartu den erabakia nuloa dela aitortzea, eta beraz, erabakia bertan behera geratzea». Gauza bi horiek eskatzeko honakoan oinarritu dela azaldu zuen: «Idazkariak esan du Bermeoko alkatea liberatuta dagoela, eta bera da berme juridikoa ematen digun pertsona. Aurrekontuetan aurreikusita dagoen gauza bat ere badela dio. Bestalde, Trapagaranen gertatutako antzeko kasu bat ere aipatzen du idazkariak; EAJkoa zen alkatea, epaitegietara eroan zuen auzia, eta epaileak arrazoia eman zion. Beraz, jusrisprudentzia sortzen da». Hala, batetik, «gizatasunagatik»; eta, bestetik, «erabaki nuloa» delako abenduko akordioa bertan behera uztea eskatzen zuen errekurtso horren bitartez.
Errekurtsoak ez zuen aurrera egin, EAJk eta Izartu Bermeok aurka bozkatu zutelako.
Ondoren, osoko bilkurak hala onartuta, abenduko erabakia betearazi egin behar denez, pauso batzuk eman behar dira. Pauso horiek egiteko alkateak langileria eta ogasun zinegotziaren esku utzi zituen lanak. Harek izapideak egin zituen, eta txostenak eskatu zituen; idazkariari txosten juridikoa eta langileriari txosten teknikoa. Naia Bilbao zinegotziaren arabera, «langileriaren txostenak abenduko erabakiak beste arlo batzuetan izango lituzkeen eraginak azaltzen ditu; Gizarte Segurantzan, Ogasunean…argi dio, gainera, dirua bueltatzeko Gizarte Segurantzaren onespena behar duela. Txosten juridikoan, berriz, abenduan hartutako
erabakia legez kontrakoa dela dio idazkariak». Txosten horietan oinarritatu, hortaz, osoko bilkurari proposatu zion, abenduan hartutako erabakia beteareztea «ezinezko modura» aldarrikatzea. Hori ere ez zuen oposiziak onartu; EAJk eta Izartu Bermeok aurka bozkatu zuten, Guzan abstenitu egin zen eta EH Bilduk horren alde bozkatu zuen.
Defendatzeko aukera
Aurreko bi puntu horiek ez zirenez onartu, abenduko akordioaren atzera eragina bozkatzera ekin zioten, eta hori onartu egin zuten, nahiz eta idazkariak
«ilegala eta nuloa» dela esan, «kalte bat eragiten duelako».
«Ilegalitate» baten aurrean, «defendatu» egin beharko dela esan du alkateak, «ilegaltasun baten aurrean defendatzea zaila bada ere», dio.
Txostenen arabera, gainera, «udalak ezin du alkatearen ordainsariekin geratu debekatuta dagoen aberastasuna suposatzen duelako».