Arratzuko Barrutialde institutuan jokatu da gaur goizean, Bertsolari Gazteen BBK Sariketako lehenengo finalaurrekoa. Busturialdea eta Durangaldea izan dira aurrez aurre, eta puntu gutxiren aldeagaz, Busturialdeak lortu du finalerako txartela.
Atzekaldean, eskumatik hasita, Gurutz, Ibai eta Koldo, Busturialdeko bertsolariak. Argazkilaria: Bertsozale elkartea
Sei puntuko aldea atera dio Busturialdeko taldeak Durangaldekoari; 436 puntu lortu ditu Busturialdeak, eta 430, berriz, Durangaldeak.
Gaurko finalaurrekoa irabazita, martxoaren 18an, barikuan, Bilboko Kafe Antzokian jokatuko den finalean kantatuko dute Busturialdeko bertsolari gazteek.
Ohi legez, gaurkoan ere, taldeak multzo bitan banatuta egon dira, adinaren arabera. 18 urte arteko bertsolariak izaten dira talde batean, eta bestean, berriz, 19 eta 24 urte bitartekoak. Eskualde bakoitzeko hiru bertsolarik parte hartzen dute talde bakoitzean, eta hala egin dute gaur ere.
Arratzun jokatutako finalaurrekoan, hortaz, 18 urtera arteko bertsolarien Busturialdeko taldean honakoek parte hartu dute: Beñat Bilbao Landa, Enare Muniategi Etxabe eta Lurdes Ondaro. 19 eta 24 urte bitarteko taldean, berriz, Gurutz Uruburu Ibarguengoitia, Ibai Amillategi Omaetxebarria eta Koldo Gezuraga Seijido aritu dira kantuan.
Olatz Larrinaga Caballero ibili da aurkezle lanak egiten, eta epaimahaia Alaitz Etxanobe Bereziartuak, Juanjo Respaldiza Ozaetak eta Miriam Juaristi Urizarrek osatu dute. Idazkari lanak egiten, berriz, Jurgi Fuentes Goikoetxea ibili da.
Hego Uribe edo Uribe Kosta
Bigarren finalaurrekoa datorren astean jokatuko da, martxoaren 8an, martitzenean, Zallako Zine antzokian, 10:00etan. Bertan Hego Uribe eta Uribe Kostako taldeak ariko dira lehian.
Ordura arte, beraz, Busturialdeko bertsolari gazteek ez dute jakingo noren aurka jokatuko duten finala.