Filosofia bera dakar Lekuek musika festibalak bere hirugarren urtean. Hain zuzen, astebetez herritarrei musikaz gozatzeko aukera eman nahi du.
Anari
Martxoaren 6an, domeka, hasiko da aurtengo edizioa, eta hurrengo domekara arte iraungo du;
martxoaren 12ra arte, alegia.
Musika lasaiak zabalduko du festibala, Aguxtin Alkhat-en kontzertuarekin. Heletakoak Trinkete Antitxokoan joko du, hurrengo domekan.
Gernika-Lumon musika arloan lan egiten duten eragile, elkarte eta txokoekin batera, herriko zenbait ostalari eta elkarte ere badira Lekuek festibala antolatzen. Denen artean,
aste osorako plan musikala prestatu dute. Festibaleko antolatzaileetako bat da Trinkete Antxitxokoa, eta horko kide da Igor Erzilla. Azaldu duenez, «denetik» dakar aurtengo jaialdiak, «Lekuek festibalak horretarako aukera ematen duelako». Hain zuzen, aste horretan herrian anbientea sortzea eta musika entzutea da antolatzaileen xedea.
Hogei talde baino gehiago batuko dituzte Gernikako Lekuek. Horietako asko, Erzillak dioenez, ez dira oso ezagunak. «Baina, hain zuzen, hori da festibal honek duen berezitasunetako bat: ezezagunak ditugun taldeak zuzenean ikusteko aukera. Askotan, horrelakoetan, sorpresa hartzen dugu», esan du.
Herrikoak eta kanpokoak
Ezezagunekin batera, Euskal Herrian izena duten taldeak ere batuko ditu festibalak. «Esaterako, Lizeoan Anari entzuteko aukera izango da festibalaren barruan, baita Audience ere, Jai-Alai Blues pelikulako soinu banda aurkezten. Trinketen, bestalde, Sex Museum mitikoek joko dutela ere aipagarria da, edota Han talde elorriotarra. Iparragirre rock elkarteak, aldiz, Hamlet metal taldea ekarriko du». Hala ere, gaur egun
sorpresa eman dezaketen talde asko daudela dio Erzillak, «eta hori da interesgarriena».
Sex-Museum
Euskal Herrikoak eta mugaz gaindikoak izango dira Gernika-Lumon martxoaren 6tik 12ra. Baina herriko taldeentzako lekua ere badu musika festibalak. Lekuek jaialdiaren baitan joko dute, besteak beste, BackBone, Felas edota Kicking & Alive taldeek.
Lekuak gehituz
Lekuei dagokienez, iazko eszenario beretsuak aurreikusi dituzte antolatzaileek; baina berritasun bat badakar aurtengo jaialdiak. Ostalari, Astra, Trinkete eta Iparragirrerekin batera,
Jai Alai pilotalekua ere leku bilakatuko da aurten. Erzillak azaldu duenez, «Jai Alaik aukera pila bat ematen ditu. Zesta punta partidak egin direnean ikusi da leku ona izan daitekeela kontzertu bat emateko, eta hori aprobetxatu egin behar da». Hartara, gainera, Gernikako lekuak zabalduko dituzte.
Jai Alai pilotalekua gehitu, baina
kaleko eszenarioak kendu egin dituzte aurtengo festibalean. Ekimen guztiak leku itxietan egingo dituzte. Izan ere, Lekuek festibala
kontzertuetatik harago doa: esaterako, tailerrak, azoka eta zine-kluba ere izango dira Lekuen barnean. Azken horrek bi pelikula proiektatuko ditu: Amy-La chica detras del nombre eta I feel good-La historia de James Brown.
Bonoak salgai
Aurreikuspenak eginda, iazko datuak mantenduko dituztela uste dute antolatzaileek. Jendea Gernika-Lumora hurbiltzea espero dute, eta musikak eskaintzen duen aukera aniztasunekin gozatzea. «Lekuek aforoak dituzte, eta espero dugu denak kontzertu bera ikustera ez joatea. Hori gerta ez dadin, gainera, musika estilo ezberdinak eskainiko ditugu egun bakoitzean».
Aste osorako bonoak atera dituzte aurten ere,
25 euroan. Gernika-Lumon, Arima tabernan eta Lizeo Antzokian eros daitezke. Bermeoko Kapillan ere eskuragarri dira bonoak, eta baita Interneten ere:
www.gernikakolekuek.com/bono-eta-sarrerak/.
Bonorik gabe sartu gura duenak, aldiz, sarrera ordaindu beharko du, «eta horietako batzuk garestiak izango dira. Horregatik, bonoa erosteko gomendioa egiten dugu Lekuek jaialdia antolatzen dugunok».