80 aditu baino gehihago batuko ditu Euskadiko Biodibertsitate Zentroak, asteburu honetan. Gaur hasi eta domekara bitartean, hegaztien ikerkuntzan lanean ari diren erakunde publikoen, ekologista taldeen zein enpresen ordezkariek bilduko ditu kongresuak. Goizean eman dute prentsaurrekoa, eta Eusko Jaurlaritzako Natura Ingurunearen eta Ingurumen Plangintzaren zuzendari Alexander Botok azaldu duenez, kongresua hegaztiekin lanean ari direnen arteko sarea bultzatzeko abiapuntua izatea gura dute.
Agirre, Boto eta Arizaga gaurko prentsaurrekoan
Aranzadi Zientzia Elkarteko Juan Arizaga da kongresuaren zuzendaria. Haren esanetan, hegaztiei buruz aritzeko lehenengoz baatuko dira entitate ezberdinetako ordezkariak. “Zertan gabiltzan, zer egin behar den eta zer hobetu daitekeen eztabaidatuko dugu, lehenengoz”, esan du. Hala, esan du ornitologian lanean ari direnen lana nola bideratu zehazteko ere baliogarria izan daitekeela asteburuko jaardunaldia, eta komunitatea sortzeko aukera eman dezakeela.
Erakunde publikoen babesa du lehen kongresu horrek, eta hori garrantzitsua dela aipatu du Arizagak. Haren ustetan, arlo ornitologikoa herritar denei eragiten dien gaia da, eta erakunde ezberdinen inplikazioa beharrezkotzat jo du.
Hiru eguneko kongresua izango dela azaldu du, eta, horretan, garrantzitsuak diren gai guztiak jorratuko dituztela: jarraipen proiektuak, ikerketak, kontserbazioa… Halaber, txostenak aurkeztu ez ezik, parte hartzea bermatzeko mahainguruak ere egingo dituztela esan du.
Euskal Herria hegaztien ikerkuntzan aitzindari izan dela esan du Aranzadi Zientzia Elkarteko Juan Agirrek, eta lan horretan 1947an hasi zirela aipatu du. Hartara, hainbeste urteren ostean lehenengoz egingo duten kongresu horri garrantzia eman dio Agirrek ere. “Adituek ikertzen ari diren hegaztiei buruz ariko gara, eta hegaztiek garrantzia hartuko duten arren, lanean ari diren pertsona eta ornitologoak ere garrantzitsuak dira”, aipatu du. Auzolanean ari diren herritarrak badirela nabarmendu du Aranzadikoak, eta egiten den lan guztia posible dela erakunde eta herritarren laguntzari esker.
“Naturaren demokratizazioa”
Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan 400 espezie inguru daudela esan du Botok, eta horietako ehun espezie inguru babesguneetan bizi direla; Urdaibai Biosfera Erreserba, kasurako. Hala, espezie horiek ezagutzera emateko maartxan jaarri duten Ornitho.eus atariaren garrantzia azpimarratu dute. EAEn faunari buruz egin diren behaketak modu eztandarizatuan biltzeko aukera ematen du web atari horrek. 2015. urtean ipini zuten martxan, eta urtebetean 70.000 aipu baaino gehiago erregistratu ditu. Hala, herritar eta elkarteen laguntzari esker, Araba, Bizkaia eta Gipuzkaoko hegazti-faunaren jarraipenerako erreferentzia tresna bilakatu dela diote. Agirreren esanetan, “naturaren demokratizaziorako” mugarri bat izan da Ornitho.eus ataria.