Euskal Kostaldeko Museoen Eguna ospatze aldera, programa zabal bat prestatu du Euskal Kostaldeko Museoen Sareak. Aurten, gainera, asteburu bakar batera mugatu barik, hilabete osorako jarduerak antolatu dituzte; martxorako, hain zuzen ere.
Kostaldeko Museoen Sarearen baitan dauden museotako ordezkariak
Bizkaiko eta Gipuzkoako foru aldundien laguntzarekin, Basquetourrek bultzatutako ekimena da. Sare horren baitan dauden bertoko museoek ere parte hartuko dute: Busturiko Biodibertsitate Zentroak; Gautegiz Arteagako Urdaibai Bird Centerrek; Gernika-Lumoko Euskal Herria Museoak eta Bakearen Museoak eta Bermeoko Arrantzaleen Museoak eta Aita Guria baleontziak.
Horiek guztiek, ateak irekitzeaz gain, beste hainbat jarduera antolatu dituzte; besteren artean, bisita gidatu bereziak, familientzako tailerrak eta umeentzako jokoak. Izan ere, hilabete osorako programa aurkeztu dute aurten.
Antolatzaileek azaldutakoaren arabera, «hilabeteko programazioa prestatzea erabaki dugu, museoek eskaintza zabalagoa antolatzeko aukera izan dezaten, asteburu jakin baten egin beharrak aukera batzuk mugatzen baitzituen. Bestalde, jendeari egun eta leku gehiagotan aukera ezberdinez gozatzeko parada emateko asmoz ere egin da. Eta asteburu oro izango dute kostaldeko museoetan eta hauek dauden herrietan planak egiteko aukera, bai eta astegun batzuetan ere».
Sarea josten duen haria
Euskal Kostaldeko Altxorrak izeneko programaren helburua Bizkai, Araba eta Gipuzkoako kultur eta natur ondarea nabarmentzea eta sustatzea da. Gainera, ekimen bereziz osatutako programa bateratu batek ematen duen oihartzunari esker, Kostaldeko Museoen Sarea bera eta museo bakoitzak duen eskaintza ezagutarazi gura dutela diote.
Aurreko urteetan programa berezi horiek izan dituzten harreragatik galdetuta, «jendeak interes handiz eta atseginez bizitzen» dituztela diote: «Izan ere, ekintza bereziak izaten dira gehienetan, ohiz kanpokoak asko; eta gehientsuenak doan gainera, edo, bestela, deskontuekin».
Euskal Kostaldeko Altxorrak izenburua aukeratu dute museoen sarea josten duen hari bat delako: «Sarean hainbat arlo eta tematika lantzen duten museo, interpretazio zentro eta erakunde daude, baina guztiek helburu bera dute: ondare kulturalaren eta naturalaren altxorrak gorde, ikertu, babestu, eta, batik bat, ezagurataraztea. Kasu honetan, kostaldeko altxor historikoak, artistikoak, etnografikoak, naturalak, geologikoak … eman gura dira ezagutzera».
Gainera, euren herrietako edo inguruetako museoak ezagutzen ez dituzten bizilagun horientzako, programa honen eskaintza horietara hurbiltzeko «aitzakia on bat» izan daitekeela uste dute antolatzaileek.
2012. urtean jaio zen proiektua, euskal kostaldeko kultur ekipamenduen arteko lankidetza gune bat sortzeko. Euskal Kostaldeko Museoen Sareak museoak, interpretazio-zentroak eta bestelako instalazioak elkartzen ditu; ikuspegi ezberdinak izanagatik ere, ardatz nagusi bat daukatenak: kostaldea.
Sareak, gainera, bere txartel propioa du. Euskal kostaldeko kultur eta natur ondarearen eskaintzarik onenaz gozatzeko aukera emateaz gain, abantailak, opariak eta jarduera bereziak eskaintzen ditu. Doan eskuratu daiteke txartela, eta sarearen baitan dagoen edozein zentrotan aktiba daiteke.
EGITARAUA
Bermeo. Aita Guria baleontzia.
– Martxoaren 18an, 19an eta 20an, ate irekiak. Ez da erreserbarik behar.
Bermeo. Arrantzaleen Museoa.
– Martxoaren 12an, 16:30ean, Gaztelugatxeko altxorra familia tailerra: Guraso eta umeek Gaztelugatxeko Donieneri buruzko ekintza dibertigarriak egingo dituzte. Izena eman behar da. Doan.
– Martxoaren 19an, 17:00etatik 18:00etara, umeei zuzendutako Tintin y el secreto del toison de oro gaztelerazko filma. Doan.
Ez da erreserbarik behar.
– Martxoaren 19an, 11:00etan, Itsaspeko Zinema Zikloa; Bermeoko Arrain Azoka Elkarteak antolatuta, itsaspeko zine dokumentalak ikusi ahal izango dira. Doan. Ez da erreserbarik behar.
– Martxoaren 29an, 30ean eta 31n, 5 eta 10 urte bitarteko umeentzako tailerrak. Ekintza dibertigarriak egingo dituzte kostaldeko altxorrak ezagutzeko: Gaztelugatxe, Ertzilla dorrea… Izena eman behar da. Prezioa: 1 euro.
– Martxoaren 25ean eta 26an, ate irekiak: oparia eta sarrera, doan.
Busturia. Euskadiko Biodibertsitate Zentroa.
– Martxoaren 19an eta 20an, 11:00etatik 12:00etara, irteera itsasontziz, Bermeoko portutik Izaro irla eta Ogoño lurmuturrera. Izena eman behar da.
Prezioa: 12 euro.
– Martxoaren 28an, 10:00etan, mendiko ibilbide gidatua Ereñozarreko Mikel Deuna mendiraino. Izena eman behar da. Prezioa: 3 euro.
Gautegiz Arteaga. Urdaibai Bird Center.
– Martxoaren 6an, ate irekiak, 11:00etatik 19:00etara.
Gernika-Lumo. Euskal Herria Museoa.
– Martxoaren 12an, 16:30ean, Elkanoren abenturak. Elkanok munduari bira nola eman zion ezagutu ahalko dute ume eta gurasoek, ekintza dibertigarrien bidez. Izena eman behar da. Doan.
– Martxoaren 26an eta 27an, ate irekiak: oparia eta sarrera doan.
– Martxoaren 29an, 30ean eta 31n, Aste Santuko tailerrak 5 eta 10 urte bitarteko umeentzako. Joko eta ekintza dibertigarrien bidez, Euskal Herriko altxorrak aurkitu beharko dituzte. Izena eman behar da. Prezioa: 1 euro.
Gernika-Lumo. Bakearen Museoa.
– Martxoaren 12an eta 13an, ate irekiak.
– Martxoaren 12an eta 13an, 18:00etan, Itsasoratze Artibista. Doan. Izena eman behar da.
– Martxoaren 12an, 13:00etan, bisita gidatua. Doan. Izena eman behar da.
– Martxoaren 13an, 11:00etan, familientzako tailerrak. Izena eman behar da. Prezioa: 1 euro.