Atzo bukatu zuten eguenen hasitako Munduko Goma Gaineko Sokatira Txapelketa, Herbereetan. Euskal selekzioaren lehen txapelketa ofiziala izan da aurtengoa, eta Basque Country izenpean, hainbat domina Euskal Herriratzea lortu du. Behar horretan, Busturialdeko sokatiralariek asko lagundu dute.
Nazioen arteko lehia jokatu zuten txapelketaren azken bi egunetan. Zapatuan, bi domina lortu zituzten euskaldunek; brontzezko bat eta zilarrezko beste bat; domekan, aldiz, brontzezko hiru domina.
Murueta mundu mailako sokatira txapelketan
23 urtez azpiko gizonezkoetan lortu zuen bertoko taldeak zilarrezko domina; hain zuzen ere, 600 kilotan. Zortzi lagunen lanari esker lortu zuten maila horretako domina; besteak beste, Muruetako taldekide bati esker.
Emakumezkoen 540 kilotako txapelketan eta gizonezkoen 600 kilotakoan lortutako hirugarren postuak eskuratzeko ere izan da lagungarria Busturialdekoen esfortzua.
Bestalde, emakumezkoen 500 kilotan eta 600kilotako mistoan ere lortu zuten hirugarren sailkatzea euskal tiralariek.
Murueta mundu mailako sokatira txapelketan
680 eta 640 kilotan, euskal selekzioko talde gehiena muruetarrek osatu zuten, eta bi kategoria horietan bosgarren egitea lortu zuten, finalaurdenekoetatik ozta-ozta kanpoan geratuz.
Nazioen artean ez ezik, kluben artean ere lehiatu ziren Volendamen (Herbeherak) joan den astean. Txapelketako lehen bi egunak erabili zituzten horretarako, eta, guztira, euskal taldeek zortzi domina irabazi dituzte: zilarrezko hiru eta brontzezko bost.
Emakumezkoetan bigarren
Eguenean, hirugarren egin zuen Sokarri taldeak gizonezkoen 560 kilotan, eta bigarren eta hirugarren, aldiz, Gaztedik eta Ibarrak, emakumezkoen 540 kilotan, hurrenez hurren. 640 kilotan ez zen euskal talderik pasatu finalerdietara, baina bai, ordea, 23 urtez azpikoen 600 kilotan. Berriozarrek lortu zuen maila horretako brontzezko domina.
Barikuan ere hirugarren egitea lortu zuen Sokarrik; kasu honetan, baina, gizonezkoen 600 kilotan. Busturialdeko tiralariek ere, izan zuten parte hartzerik eta laguntzerik lehia horretan. Pisu horretan, Murueta A taldeak bosgarren egin zuen, eta zortzigarren, aldiz, Murueta B taldeak.
Emakumezkoetan, Kortezubi eta Bermeoko ordezkaritza duen Gaztedi taldeak bigarren egin zuen, 500 kilotan. Postu bera lortu zuen baita Ibarra taldeak 600 kiloko mistoan.
Murueta mundu mailako sokatira txapelketan
Talde moduan domina gabe itzuli badira ere, lau egun horietan egindako lanagaz «pozik eta gustura» dira Murueta taldekoak. Hainbatetan, finalaurdenetara sartzeko atarian geratu izanaren nahigabea dute; horregatik, zapore gazi-gozoa geratu zaie. Hala ere, hurrengo mundu mailako txapelketan –Txinan lehiatuko da– parte hartzeko «gogotsu» dira, gaur gaurkoz, eta hala izango den esperantza daukate.
Momentuz, behintzat, atsedena hartuko dute, eta goma gaineko txapelketa datorren urtera arte agurtuko dute. Lur gainean ere, talde bezala ez direla ariko aurreratu dute.