2011. urtean kaleratu zuen Marea Berriozarko taldeak bere azken diskoa,
En mi hambre mando yo izenekoa. Ibilbide oparo baten ostean, atseden epe batean murgilduta dago talde nafarra; ez, ordea, taldekideak. Kutxi Romeroren ekarpen emankorra da horren adibide, bakarkako kontzertuak ematen ari baita Mareako abeslari eta konpositorea. Bihar Bermeoko Kafe Antzokiko agertoki gainean izango da Romero, emanaldi akustiko eta intimoago batean.
22:00etan hasiko da kontzertua, eta Dientes de Luna boskote gernikarra izango da oholtzara igotzen lehenengoa. Aimar Cid, Unai Bilbao, Lander Egia, Asier Iturbe eta Joseba Mugartegik Kafe Antzokiko giroa berotu ostean igoko da eszenatokira Kutxi Romero, Jose Maria Marco
El Pepe eta Bocanada taldeko Juanito Lorente gitarra-joleak aldamenean dituela. Marearen estilotik aldenduz, rockaren beste ikuspuntu bat agertuko dute hiru musikariek Bermeon.
Kutxi Romero, Mareagaz emandako kontzertu batean.
Irudia: Marea
Ibilbide oparoa
Jose Carlos Romero Lorentek (Kutxi Romero) gaztetatik dauka musikarekiko eta poesiarekiko zaletasuna. 1999an argitaratu zuen bere lehen poesia liburua,
Ruidografias, eta urte hartan bertan kaleratu zuen Marea taldeak bere lehen diskoa:
La patera. Berriozarko taldeak hamar disko argitara eman ditu, oraingoz.
Rockarenganako duen pasioaren bestekoa du poesiarenganakoa, eta 2001ean
El sumidero liburua kaleratu zuen,
Jose Etxailarena ezizena erabilita. 2003an, bestalde,
Poemas indomitos lana atera zuen, eta 2004an
Leon manso come mierda izeneko liburua. Azken horretan, aurreko argitalpenetako lanak bildu zituen Romerok.
Istripu baten ondoren, musika behin-behinean albo batera uztea erabaki zuen berriozartarrak, eta eleberri bat idazten jarri zituen indarrak. 2009. urtean, aldiz, Ja Ta Ja flamenco-rock taldeagaz ateratzen du
Raigambre izeneko diskoa; kasu horretan ere bera izanik abeslaria eta abestien konpositorea. Bere azken liburuak 2015ean ikusi zuen argia. Hain zuzen, bere 40. urtebetetzearen harira kaleratu zuen
El Carretero Cosaco.
Kontzertua
- Taldeak. Kutxi Romero eta Dientes de Luna.
- Noiz. Bihar, 22:00etan.
- Non. Bermeoko Kafe Antzokian.
- Salneurria. 10 euro aurretiaz, eta 12 euro lehiatilan.
- Saltokiak. Bermeoko Kafe Antzokia, Bermeoko Luma liburudenda, Gernika-Lumoko Ospa taberna, Mungiako Herriko Taberna, Bilboko Brixton denda. www.musikaze.com webgunearen bidez ere eros daitezke sarrerak.