«Gurasoek ere sinetsi behar dute umeak bidea egiteko gai direla»
Pilar Silva - Ortzadar enpresako teknikaria
Eskola Bidea diseinatzeko diagnostikoan aholkularitza emango du Ortzadar enpresak. Pilar Silva (Bilbo, 1973) teknikaria da.
Eskola Bidea diseinatzerako orduan, zein aldagai hartu beharko lirateke kontuan?
Parte hartzea funtsezkoa da diagnostikoa egiteko, eta aldagaietako bat da bidea denen artean egin behar dugula. Era berean, bidean egon daitezkeen puntu beltzak ere identifikatu behar ditugu, hirigintza arlotik bideak nola dauden, araudia betetzen duten… Horretarako, ezinbestekoa da udalarekin batera lan egitea. Asmoa da Gernika-Lumon erraztasunak ezartzea eskoletara oinez joateko.
Diagnostikoa egiteak lagunduko du horretan?
Bai. Iritziak jasoten ari gara, ikasle, guraso eta eskola langileen artean. Umeekin jarduerak egiten ari gara eskola orduetan. Ibilbidea egingo dute, begirale baten laguntzarekin, eta beraien inpresioak ere jasoko ditugu. Bestalde, guk gure aldetik ere behaketa egingo dugu. Gero, datu guzti horiek batuta egingo dugu txostena. Beraz, ez da izango kanpotik egindako txostena, baizik eta denen iritzia jasoko da.
Gernika-Lumok badu aukera, beraz, eskola bidea egiteko. Oraindik lehenengo fasean gaude. Umeekin lanean ari gara, eta zenbait puntu beltz baditu herriak. Hala ere, beste leku askotan gertatzen den legez, horietako asko ohitura kontuak dira. Esaterako, eskoletako sarbidean sortzen diren arazoak ohiturak aldatuta konpon daitezke. Gurasoek ere ikusi behar dute ohiturak alda daitezkeela eta beraien umeak gai direla bidea egiteko.
Herrian zazpi ikastetxe izateak zailago egiten al du prozesua?
Konplexuagoa bada; azken batean, eskola denekin lan egin behar delako. Baina, Gernika-Lumon bereziki, parte hartzea handia da. Gurasoak oso inplikatuta daude, eta guraso elkarteak ere koordinazio lanetan dabiltza. Enpresa legez inoiz arazoak izan ditugu herria inplikatzeko, baina Gernika-Lumon kontrakoa eman da. Guri lan konkretu bat agindu digute, eta beste guztia herriak berak egingo du. Beraz, ikastetxe asko izateak oztopo baino laguntza bat da.
Epeak beteko al dira?
Gure kronograma betetzen ari gara, eta asmoa da maiatza-ekainerako proba pilotua egitea. Udalarekin batera lan egingo dugu, aldaketak egin behar badira egiteko. Ohitura aldaketa horiek ere bultzatu gura ditugu proba pilotuarekin.
Ekaineko probaren ostean, beraz, irailerako egin beharreko egokitzapenak eginda izango ditu eskola bideak.
Orain egiten ari garen lanak ere lagunduko du zein egokitzapen egin behar den jakiteko, diagnostikoan jasoko delako. Bestalde, antolamenduari dagokionez, lehenengo hilabeteetan Gernika-Lumoko umeek monitoreen laguntzarekin egingo dute eskola bidea. Dena den, froga pilotuan dena ondo behatuko dugu: bidean dauden geldiguneak ondo dauden, denboraren kalkuluak ondo eginda dauden… Hala, orain egiten ari garen lanarekin herrian hobekuntzak egingo ditugu hurrengo ikasturtean martxan hasteko.
Eta umeek zer diote?
Beraiek gai dira eskolara bakarrik joateko. Lana gurasoekin egin behar da; sinetsi behar dute umeak horretarako gai direla, eta proba pilotuak erakutsiko du hori.