Armarriz jantzitako iturburua
Bermeoko arrantzaleek mendeetan jaso dute ura portuan dagoen Iturri Biak iturritik. Bizkaiko iturririk zaharrena da, lur azpiko iturburu batetik sortua. Duela urte gutxi berritu zuten.
Natalia Salazar - Bizkaiko HitzaBizitzeko beharrezko lehengaia da ura. Lurraren hiru laurdenak ura dira. Giza gorputzaren %70 ere urez osatua dago. Beharrezkoa du, beraz, irauteko. Betidanik saiatu da gizakia iturburuetatik gertu kokatzen. Antzinako zibilizazio handi guztiak ibai handien inguruan ezarri izan dira. Beraz, urari berari, eta hura lurpetik edateko eran aurkezten duten iturriei, arreta berezia eskaintzen diete herriek. Bizkaian bada edozein herritarrentzat ez ezik arrantzaleentzat ere berezia izan den iturri bat: Iturri Biak. Bermeoko portuan dago, eta lurraldeko iturririk zaharrena da. Bi iturburuk osatzen dute. XVI. mendean jantzi zuten gaur egunera arte iraun duen elementu arkitektonikoarekin. Hala ere, lehenagotik ematen zuen ura. Portuan, elkarren atzean zain aritzen ziren arrantzaleak erraz imajina litezke, ontziak urez hornitzeko zain. Leku estrategikoan atera zen iturburua. Itsaso zabalera irten behar zuten arrantzaleen beharrizanak erraz asetzeko aukera eskaintzen baitzuen portuko iturri hark. Lurretik edo haitzetatik sortzen zen ura zeukan hastapenetan iturriak. Bermeon era horretan sortzen diren ur iturburu ugari dituzte. Hasieran, ur biltegi bat besterik ez zen. XVI. mendean eraiki zioten arkitektura monumentua. Aingeru Astui Bermeoko Kultura zinegotziak egituraren beraren garrantzia azpimarratu du: «Berezitasun nagusia du hiru armarrik osatzen dutela. Ezkerraldean, Bermeoko armarria ageri da; erdian, enperadoreari zegokiona, Karlos I.rena; eta eskuinaldean, apenas nabaritzen den Bizkaiko jaurerriarena». Bermeoko armarria Bermeoko armarria da gaur egun hoberen mantentzen dena. Nahi gabe izan bada ere, bermeotarrek euren izaerari eustea lortu dute elementu arkitektonikoaren bitartez ere: herriko armarria izan da naturaren astinduei besteek baino hobeto eutsi diena. Balea, batela arraunlariekin eta balea arrantzatzera doan arrantzalea ageri dira bertan. Bermeotarren antzinako lanbidearen erakusgarri da irudi hori. Bi otso ere baditu: Bizkaiko armarriaren sinboloak dira. Haro familiari dagozkio. Sendi hark sortutako Bizkaiko lehen hiribildua izan zen Bermeo. Azkenik, agure bizardun baten buruak Bermeok Bizkaiko gainerako herrien aurrean izan zuen nagusitasuna adierazten du. Urteek eta itsasoko kresalak gogor astindu dituzte iturria bera eta haren irudiak. Naturak eta gizakiaren eskuak baldintzatuta ere egon da. Lur azpiko iturburuak beste bideren bat hartuko zuen lurrak mugitu ziren batean, eta iturria lehortu egin zen 1930ean. Duela urte batzuk, «hamar inguru izango dira», iturriko ura berreskuratzeko lanak egin zituen udalak. «Hala, hodi bidez eramandako urak busti zituen berriz ere Iturri Biak». Orain, beraz, iturrira egarria asetzera doanak ez dio antzemango naturaren askatasun zaporerik. Edozein etxetan aurki daitekeen ura dastatuko du. Hala ere, historia handiko elementu baten ahotik bustiko ditu barrenak. Ur geza ur gaziaren kontra. Borroka horri eutsi dio azken egunetan Bermeoko portuak. Eta, harekin batera, baita Iturri Biak elementuak ere. Denboraleek berriz ere bete dituzte itsasoko urez etxe eta lokaletara bitarteko lur eremuak. Itsasoak, gizakiak kendutakoa berreskuratu guran edo, astindua eman zion berriz ere, joan den astean, kostaldeari. Iturri Biek sendo iraun dute hala ere, Etxepe tabernaren ondoan. Historiaren lekukoa Kostaldeko historiaren lekuko isila izan da, beraz, urteetan, iturria. Arrantzaren historia ere bertatik bertara ezagutu du. Erdi Aroan kostaldera arte iristen ziren baleen bisitak ez zituen ezagutuko; bai, ordea, arrantzaleek Ternuara abiatu zituzten bidaiak. Udaberrian abiatzen ziren itsasontziak harako bidean. Eta, elikagaiez gain, biltegiak urez bete behar zituzten bidaia luze haietako beharrizanak asetzeko. Iturri Bietako ura zen haien hornitzaile fina eta bakarra. Udazkenera arte izaten ziren arrantzaleak atsedenik gabe lanean. Eta orduan itzultzen ziren herrira. Aita Guria baleontzia da garai hartako arrantzaren historia ezagutzeko leku aproposa. XVII. mendeko balea arrantzaren interpretazio zentro bihurtu dute. Garai hartako baleontzien erreplika zehatza da, barrualdetik bederen. Bermeoko portuak eta, harekin batera, Iturri Biak iturriak oparotasun handia ezagutu dute. Iturria elementu arkitektonikoz jantzi zuten mendean, arrantza merkataritza jarduera bikoiztu egin zen herrian; oso ontziteria garrantzitsua eskuratu zuen. Bi mende geroago iritsi zen arrantzaren garapenean oinarritutako berpizkundea. Arraina gatzunetan ipintzeko lantegi mordoa sortu ziren; baita arrantzarekin zerikusia zuten industria eta ontziolak ere. Handik aurrera ere, arrain harrapaketa handiei esker, ekonomiak izugarri egin zuen gora. XX. mendean, Bermeok inoiz baino kementsuago ekin zion itsasoari, aurrerapen teknologiko guztiak baliatuta. Ordurako Iturri Biak iturriak ez zeukan urik, eta arrantzaleek ere bestelako baliabideak zituzten ur hori eskuratzeko. Hala ere, portuan eutsi dio. Eta han jarraituko du, ura herritarrengana gerturatzen, eta Bermeoren historia gordez datozen urteetan ere. Itsasoari eta haren astinduei begira egingo du, urak eta ipar haizeak eramango dioten etorkizunaren zain.