Atzo Bilbon egin zuten jai informal batean aurkeztu zituzten bigarren Mundaka Festival jaialdirako aurreikusita dituzten zenbait berritasun. Hala, besteren artean, Mundaka Festival eta Amaia Bidaiak agentziaren arteko elkarlanari esker, pakete turistikoak eskainiko dituztela azaldu dute jaialdiko antolatzaileek.
lagun artean egin zuten atzo Mundaka Festivalerako berritasunen aurkezpena
Mundakako Santa Katalinan ospatzen den jaialdia bada ere, Urdaibaira begira antolatuta dagoen jaialdia da. Ideia horregaz, bertaratzen direnak, egun batzuetarako bada ere, eskualdean geratzea lortu gura dutela azaldu zuten iaz, eta hori lortu aldera eskainiko dituzte aurten pakete turistiko horiek. Antolatzaileek jakinarazi dutenez, «sarrera, egonaldia eta eskualdean bertan egiteko jarduera ezberdinak eskainiko dituzte horien bitartez. Helburua, egun horietan jendeak ahalik eta gehien disfrutatzea da».
Uztailaren 28an, 29an eta 30ean izango da aurtengo
Mundaka the Basque Music & Cook Festival jaialdia. Orain arte The Waterboys, St. Paul & The Broken Bones edota Los Enemigos bezalako taldeen parte hartzea iragarrita zuten antolatzaileek. Hiru egun horietan, baina, talde gehiagok parte hartuko dute, eta beste zenbait talderen izenak iragarri zituzten atzoko agerraldian.
David Bowiri omenaldia
25 urte dituen Nik West estatubatuarra izango da Mundakan, uztailean. Arizonako abeslari, baxu-jotzaile eta musikagileak bere funk rock elektrikoa erakutsiko du agertoki gainean.
Sailkatu ezinezko rock musika egiten duten The Inspector Cluzo baserritar gaskoiek ere ez dute Mundaka Festivaleko hitzordua galduko.
Bestalde, Mundaka Festival jaialdiak bere omenaldi propioa egin gura dio urtarrilean hil zen David Bowie artista ingelesari. Capsula taldearen bitartez egingo diote omenaldi hori;
Dreaming of The Rise and Fall of Ziggy Stardust and The Spiders from Mars diskoa interpretatuko baitute.
Mamba Beat taldeak, berriz,
Paint Me In Black!! lan berria aurkezteko aukera izango du, eta agertoki gainean izango da Mocker’s Durangoko talde gaztea ere. Horiek hard blues eta rock&roll soinuak eskainiko dituzte.
Iazko Mundaka Festival jaialdiko irudia
Musikaz harago
Mundaka Festivala, baina, musikaz harago doan jaialdia da. Musika, natura eta gastronomia uztartzeko jaio zen, eta hala egiten jarraituko dutela azaldu dute.
Nazioartean ezaguna den Mundakako ezker olatua ere protagonista izango da aurten, beste behin ere. Horretarako, Axi Muniain surflari zarauztarra aurkeztu dute jaialdiko enbaxadore modura; «luxuzko enbaxadorea», diote.
Bertoko produktuen erakusleiho ere izan gura dute. Iragarri dutenez, Itsasmendi Txakolinak errepikatu egingo du jaialdian, eta etiketatze berezia egingo du.