Bertsolari Gazteen XXIV. BBK Sariketan, Arratia eta Busturialdea
BBK Sariketaren lehenengo eguna izan dute gaurkoa bertsolari gazteek eta “giro ezinhobean” igaro dute. Arratiagaz batera, Busturialdea izan da 24. Sariketaren lehen kanporaketa jokatu duena, eta 100 puntu baino gehiagoko aldearengatik gailendu dira bertokoak.
11:30ean hasi dute eskualde bi horiek beraien arteko norgehiagoka Igorreko Kultur Etxean. Lehia bukatuta, Alaitz Etxanobek, Miriam Juaristik eta Leire Etxebarriak osatutako epaimahaiak 336 puntu eman dizkio Arratiari, eta
438,5, aldiz, Busturialdeari. Sailkapen-izaerako saioa izan da gaurkoa, eta, horregatik, Arratia lehiaketatik kanpo geratu da, eta Busturialdea, berriz, finalaurrekoetarako sailkatu da.
Guztira, 48 bertsolarik parte hartuko dute aurtengo BBK sariketan, eta horiek guztiek eskualdeka banatuta ariko dira. Hala, talde bakoitzak seina bertsolari ditu, adina kontuan hartuta sailkatuta. Busturialdetik, esaterako, honako gazte hauek ari dira parte hartze: 18 urtera arte, Julen Carrion, Beñat Bilbao eta Lurdes Ondaro; 19 eta 24 urtera bitartean, Aitor Etxebarria, Unai Agirre eta Mikel Retolaza.
Gaurkoaz gain, beste hiru kanporaketa jokatuko dituzte lehiaketako parte hartzaileek, finalaurreko eta finaleko saioen aurretik. Datorren martitzenean lehiatuko dira, hain zuzen ere, hurrengo bertsolariak Durangon. Durangaldea eta Enkarterri/Ezkerraldea izango dira orduko parte hartzaileak. Hilaren 24an, aldiz, Uribe Butroeren eta Uribe Kostaren arteko norgehiagoka nagusituko da Sopelan. Lea-Artibai taldeak azken kanporaketa lehiatuko du Hego Uriberen aurka, Markina-Xemeinen, martxoaren 1ean.
Lehen finalaurrekoa, Arratzun
Gaur nagusitu ostean, Arratzun lehiatuko du lehen finalaurrekoa martxoaren 2an Busturialdeak bigarren kanporaketako irabazlearen aurka. Hirugarren eta laugarren kanporaketako irabazleek, berriz, Zallan lehiatuko dute finalaurrekoa, martxoaren 8an.
BBK Sariketaren finala, bestalde,
martxoaren 18an izango da Bilboko Kafe Antzokian.