2016ko Bakea eta Berradiskidetzearen aldeko sarietarako hautagaiak aurkezteko azken eguna martxoaren 11 izango da. 2005. urtetik hona, hainbat elkarte zein norbanako saritu ditu Gernika-Lumoko Udalak, hiribilduaren bonbardaketaren urteurrenean.
Mohamed Abdelaziz eta Carlos Martin Beristainek hartu zuten iaz saria
Bakea eraikitzeko eta berradiskidetza bultzatzeko lanean diharduten pertsona fisiko edo juridiko, erakunde edo bestelako pertsona-taldeen aitorpena publiko egin asmoz, Gernika-Lumoko eta Pforzheim-eko Udalek, Gernika Gogoratuz Fundazioak, Kultur Etxea Fundazio Publikoak eta Gernikako Bakearen Museoak bi sari ematen dituzte urtero, bakearen eta ongizatearen alde hartutako konpromisoaren ezaugarri gisa.
Sar ietako batek bakearen alde lanean diharduten pertsona anonimoen eginkizuna saritu nahi du; besteak, ordea, liderrak, pertsona ezagunak edota erakunde garrantzitsuak sarituko ditu, gatazkak konpontzen ahalegindu eta etorkizunari begirako berradiskidetze-prozeduretako oinarriak jartzeagatik nabarmendu direnak.
Saria jasotzeko hautagaiak Gernika-Lumoko Udalaren erregistro orokorrean aurkeztu behar dira, epearen barruan. Pertsonek edo erakundeek egindako merezimenduen gaineko txostenen bidez aurkeztu beharko dira hautagaitzak, eta Gernika-Lumoko talde sozial, kultural edo kirolen bitartez edo udal ordezkaritza duen talde polítiko edo Pfrozheimeko Udalaren bermeoa izan beharko dute. Talde bakoitzak hautagai bakarra baino ezingo du proposatu sari bakoitzerako. Hautagai denen artean, epaimahaiak aukeratuko du sariak nori eman. Epaimahai hori honako hauek osatuko dute: Gernika-Lumoko Udaleko alkateak (edo ordezkoak); UEA-EAJren bi zinegotzik eta EH Bilduren batek; Pforzheimgo Udaleko alkateak (edo ordezkoak); Gernika Gogoratuz fundazioaren ordezkariak; Gernikako Bakearen museoa fundazioaren ordezkariak eta Gernika-Lumoko Kultur Etxea fundazioaren ordezkariak.
Alemaniarren aitopena
Gernika-Lumoko Udalak eta Gernika Gogoratuz Fundazioak 1992an egin zuten Bakearen Saria sortzeko lehen hausnarketa, Gernika-Lumoko hiribildutik Bakearen eta Berradiskidetzearen Kulturaren balioak sustatzeko asmoz. Ordutik hona, hiribilduak bultzatu duen lanak emaitza argiak izan ditu: Gernika Gogoratuz Bakearen Ikerketa Zentroa sortu zuten (1987); eta baita Gernikako Bakearen Museoa ere (1998).
Urte hauetan zehar berradiskidetzearen aldeko lana da, besteak beste, azpimarratu beharrekoa. Lan honen emaitzarik adierazgarriena Roman Herzog Alemaniako RF-ko Presidentearen aitorpena dugu. Gernika-Lumoko bonbardaketatik bizirik atera ziren lekukoei, 1997ko apirilaren 27an zuzendutako gutunaren bitartez, Gernika-Lumoko bonbardaketan Alemaniako Kondor Legioaren parte-hartzea aitortu eta bostekoa luzatu zien berradiskidetzerako.
Horrez gain, nazioarteko aitorpenaren isla ere izan du Gernika Sarien ibilbideak. UNESCO-k Europako eskualdeko Bakearen Hiriak Saria 2002-2003 eman zion 2004ko irailaren 9an.
Iaz Fronte Polisarioko idazkari orokor eta SEAD Saharako Errepublika Arabiar Demokratikoaren presidente Mohamed Abdelazizek eta Carlos Martin Beristain psikologia sozialean doktoreak hartu zuten Gernika Saria.