Jeltzaleen arabera, “EH Bilduk bermeotarren ahotsa isildu gura du”. Prentsa ohar bitartez azaldu dutenez, “oposizioaren kontrola eta iritziak ekidin asmoz, ia ez dute batzorderik deitzen, eta ia hiru hilabete daramatzate osoko bilkurarik deitu barik”. Azken osoko bilkura 2015eko azaroaren 16an egin zen, hain zuzen ere.
Osoko bilkura bat, Bermeon
“Gutxiengoan gobernatzen dagoen udal gobernuak, oposizioari ahalik eta funtzio eta berba egiteko aukera gutxiena ematea ebatzi du; badirudi hori dela EH Bilduren gobernu-estrategia berria”, diote jeltzaleek. Ondorioz, herritarren gehiengoa be “baztertu” eta “isilarazi” egiten dutela kritikatzen dute.
Bestalde, udaleko erabaki gehienak gobernuak “inogaz kontsultatu barik” hartzen dituela azaltzen dute oharrean; “asko, gainera, alkateak dekretu bidez gauzatuta”.
2015eko ekainaren 26an egindako osoko bilkuran, udalbatzarrak egitzeko maiztasuna onartu zen aho batez; ohiko osoko bilkurak hilean behin egitea onartu zuten horretan. EAJk azaldu legez, “ezin daiteke herritarren parte hartzea sustatu, bermeotarrek aukeratutako zinegotziena bermatzen ez bada”.
Hori guztia ikusita, EH Bilduk udala “nahierara” erabiltzen duela salatu gura izan dute jeltzaleek: “Udal gobernu honek ez du oposizioaren kontrol eta iritzirik gura”.